Galdera

 

Interacción didáctica, lingüística: nola eman euskaraz?

 

Data: 2016/06/22



Erantzuna

 

Interakzio didaktikoa / Interakzio linguistikoa / Hizkuntza(-)interakzioa



1/ Gaztelaniazko interacción hitza euskaratzeko, hainbat ordain erabili dira urte hauetan: elkarrekintza, interakzioa eta eragin-trukea, batez ere; baina ez horrenbeste elkarreragina. 2012an argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegiak, bidenabar esanda, ez du jasotzen forma horietako bat ere; baina jasotzen ditu, bai interakzio, bai elkarrekintza, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak (euskal berbak dira, beraz).


Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira; zein bere jakintza arlorako, esaterako. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaileok noraezean ibiltzen gara. Auskalo zer gertatuko den kasu honetan (kontuan hartu Euskaltzaindiak hitz arrunten esanahiak eta formak finkatu behar dituela, eta ez terminoak edo sasiterminoak). Benetan asko aurreratu dugu euskaldunok azken urteotan terminologia kontuetan, baina inguruko erdaren eraginak, normalizazio faltak eta gure gabeziek nabarmen oztopatzen dute terminorik egokiena zein izan litekeen aukeratzea, eta hezkuntza komunitatera (gure kasu honetan) zabaltzea.




2/ Batzuetan, jakintza arlo batean nolabaiteko tradizioa sortzen da, eta sustrai sendoak hartzen ditu forma jakin batek. Hala, esango genuke Zientzian (Fisikan, Kimikan, Biologian…) behinik behin elkarrekintza nagusitu zela lehen unetik:

 

·         Fisiologikoki, adarkatzea hormonen arteko elkarrekintza konplexu batek erregulatzen du; hormona horien artean, auxina, zitokinina eta duela gutxi identifikatu den seinale sustraitik eratorri bat ditugu.

·         Dena dela, spinaren momentu magnetikoaren eta kanpoko eremuaren arteko elkarrekintzak spinaren bi egoeren energia aldarazten du.


3/ Giza eta Gizarte Zientzietan, berriz, iruditzen zaigu askoz zabalduagoa dela interakzio forma, eta horrexegatik proposatu dizugu, erantzun laburrean, hori erabiltzea:

·         Interakzioko roletan (nor ari da hitz egiten? Nor ari da entzuten?) eta jendearen arteko harreman sozial egonkorragoetan (adibidez, pertsona baten rola familia batean edo pertsona baten maila sozioekonomikoa) oinarritzen diren berbaldiko prozesuek eragina du informazioa antolatzeko orduan.  [Fasold, R. eta Connor, J. (argitaratzaileak): An Introduction to Language and Linguistics (2006). Itzultzailea: Elhuyar Fundazioa, Mendizabal, I. eta Santamaría, I.: Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak (2010) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

·         Zenbait dualistak argudiatu dute ezen, gogamena eta gorputza, izan, badiren arren, eta guk guztiok bana dugun arren, berez ez dela zinezko interakziorik bien artean. [Warburton, N.: Philosophy: The Basics (2004). Itzultzailea: Iñurrieta, I.: Oinarrizko filosofia (2011) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

·         Amerika, Afrikako hegoaldeko ertza eta Ozeania gehiena salbu, XV. mendeko gizarteek merkataritzak eratutako interakzio handi eta sistematikoak eta loturak zituzten. [Robert B. Marks, : The Origins of the Modern World (2007). Itzultzailea: Iñurrieta, I.: Mundu modernoaren sorrera (2015) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

·         Baina halako ezagutza, bere horretan, ez litzateke nahikoa inondik inora, gure inguruko munduarekin arrakastaz eta malgutasunez interakzioan jardun ahal izateko. [Baddeley, A., Eysenck, M., Anderson, M.: Memory (2009). Itzultzailea: Elhuyar Fundazioa, Arizti, M. eta Mujika, A.: Oroimena (2014) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

·         Iraganeko esperientzia antolatzen dute, eta esperientzia berriak ulertzeko eta interakzio soziala gidatzeko euskarri izaten dira. [Hewstone, M. eta Brewer, B.: Social Cognition (2004). Itzultzailea: Elhuyar Fundazioa, Leache, I., Bereau, I. eta Santamaria, I.: Gizarte-kognizioa (2012) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

·         […] alegia, gizakiak inguruan dituen beste gizakiekin harreman atseginak izateko sentitzen duen gogoa; lankideekiko hurbiltasuna bilatzen da, interakzio afektiboa ingurukoekiko, enpresaren helburuak ezagutzea, eta abar. [Lucas, A. eta García, P. : Sociología de las organizaciones (2002). Itzultzailea: Iñurrieta, I.: Erakundeen soziologia (2013) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua]

 

Adibide guztiak ‘EHUskaratuak’ corpusetik atera ditugu. Helbide honetan duzu (eta Euskalbar tresna barran integratuta dago): http://ehuskaratuak.ehu.eus/bilaketa/


4/ Horiez gain, iruditzen zaigu azken bolada honetan zabalduz doala eragin-truke forma; lehen puntuan esan bezala, baliteke apurka-apurka nagusitzea, nork-non erabiltzen duen. ‘EHUskaratuak’ corpusean bilaketa egitera gonbidatzen zaitugu.


Guk ez genuke baztertuko noski forma hori. Erne, baina: Ez dago arazorik adjektibo erreferentziala erabiltzean: eragin-truke didaktikoa, eragin-truke linguistikoa… Bai, baina, hitz elkarketa egitean: didaktika-eragin-trukea, hizkuntza-eragin-trukeaInterkazio formarekin ez duzu arazo hori izango: interakzio linguistikoa zein hizkuntza interakzioa, biak dira zuzenak.