Galdera

 

Nola idatzi data arbelean?


Data: 2016/09/20



Erantzuna

 

Guk honelako zerbait egingo genuke (gure garaiko arbel berde haietako bat irudikatu nahi izan dugu, bai eta data eskuz idatzi ere; errealistagoa izango zen agian arbel –zuri– digital bat irudikatu izana, eta klarionez barik hainbat koloretako errotuladorez idatzi izana):


 

(2015/09/29) Irailaren 29a, martitzena           

 

Oharrak

·         Zer adineko ikasleak diren, informazio bat edo beste emango genuke: ume-umeak direnean, seguruenik, ez dauka zentzu handirik zenbakiz idazteak.

·         Ez genuke inoiz erabiliko “Irailak 29” moldea (“Irailaren 29a” hobetsiko genuke); bestela, nahastu, eta oker erabiltzen du jendeak: Irailak 29an, Irailak 29ko, Irailak 29rako…

·         Tokian tokiko euskara batuan idatziko genuke asteguna: “martitzena” idatziko genuke Bizkai aldeko eskoletan, eta aprobetxatuko genuke ikasleei galdetzeko ea nola esaten duten telebistan –esaterako–, “asteartea” erantzun dezaten eta hasiera-hasieratik forma bietara ohituz joan daitezen. Ez genuke galdera modu honetara formulatuko: “Eta batuan?” (martitzena ere batua baita).

·         Zein den helburua, 2015/09/29 gisakoak ere idatziko genituzke, esaterako “irailaren 29a” idatzi gabe, ikasleek berek identifikatu dezaten zein den eguna hitzez formulatuta.

·         Nahi izanez gero, “2015eko irailaren 29a” ere idatzi liteke, ozenki irakurri dezaten “bi mila eta hamabost” urtea, eta erakusteko nola idazten den NONGO-NOIZKO kasuko marka: “2015eko” baina “2016ko”.

·         Proposatu diguzun “Astelehenak, 7” hori ez da zuzena: jartzekotan, NORK kasuko marka hilaren izenari jartzen zaio (“Irailak 29”), “Irailak 29 egun ditu(ela)” egituratik baitator. Ez dauka inolako zentzurik “astelehenak 7 …. ditu” esaldiak.

·         Euskaltzaindiak badauka kontu honen gaineko arau bat: “Data nola adierazi”.