Galdera

 

Kasu hitzaren aurretik, jarri behar da koma ezinbestean esaldi honetan?:

“Beraz, badaude ikastaroa egiteko arrazoi pisuzkoak: euskaraz aritzeko orduan ditugun zalantzak argitzea eta idazteko irizpideak bateratzea(,) kasu”


Data: 2016/04/10



Erantzuna

 

Bai, koma behar du.

Oharra: Guk ez genuke erabiliko kasu.

 

 

1/ Adibidez, esate baterako, kasurako… eta antzeko adizlagunak, nola puntuatu?

 

Guk honela jokatzen dugu, adibideak esaldi amaieran edo esaldi barruan ematen diren.

Hala, esaldiaren amaieran ematen badira:

 

·         Aditu batzuek diote etxeen barruko diseinuak lagun dezakeela emakumeen aurkako indarkerian; adibidez, emakumeari esparru propio bat emanez.

·         Aditu batzuek diote etxeen barruko diseinuak lagun dezakeela emakumeen aurkako indarkerian; emakumeari esparru propio bat emanez, esate baterako.

 

Baina…

 

·         Aditu batzuek diote etxeen barruko diseinuak, adibidez, emakumeari esparru propio bat emanez, lagun dezakeela emakumeen aurkako indarkerian → Aditu batzuek diote etxeen barruko diseinuak adibidez, emakumeari esparru propio bat emanez lagun dezakeela emakumeen aurkako indarkerian

·         Aditu batzuek diote etxeen barruko diseinuak emakumeari esparru propio bat emanez, esate baterako– lagun dezakeela emakumeen aurkako indarkerian.

 

Beraz, zure adibidearen kasuan:

·         “Beraz, badaude ikastaroa egiteko arrazoi pisuzkoak: euskaraz aritzeko orduan ditugun zalantzak argitzea eta idazteko irizpideak bateratzea, kasu(rako)

 

 

2/ Baliteke puntuazioan maila bat jaistea ez izatea arazo handia (eta, beraz, onargarria izatea) adibidea bera elementu laburra denean:

·         Jokalari handiek –adibidez, Pitxitxik– gol ugari sartu dute San Mamesen.

·         Jokalari handiek, adibidez Pitxitxik, gol ugari sartu dute San Mamesen.

·         Jokalari handiek gol ugari sartu dute San Mamesen; adibidez, Pitxitxik.

·         Jokalari handiek gol ugari sartu dute San Mamesen; Pitxitxik adibidez.

 

Gu, ortodoxoak garelarik, lehen eta hirugarren aukerak ditugu nahiago.

 

 

3/ Berriaren estilo liburuan kontsultatu, eta ohartu gara gaitzetsi egiten dutela kasu berba erabiltzea adibideak emateko:

kasu 2* e. esaterako, adibidez, hala nola, kasurako.


Hau da: “ez erabili kasu [bigarren] adiera horretan [adibideak emateko] (horixe adierazten du izartxoak); erabili ezazue (‘e.’) esaterako, adibidez, hala nola, kasurako… haren ordez”

 

Hori irakurrita, konturatu gara kasu ez dela ageri Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan adiera horrekin, ez Elhuyar hiztegian, ez Orotariko Euskal Hiztegian… Beraz, gomendatzen dizugu hurbilagoko formak erabiltzea: esaterako, esate baterako, adibidez, hala nola, kasu baterako, kasurako…

 

Badaude beste forma onargarri batzuk, baina oso esparru txikian erabiltzen dira, edo Ipar Euskal Herriko hizkeretako formak dira:  berbarako (bizk.), konparazio baterako, konparazione (Ipar.)…

 

 

4/ Azken oharra

Kontuz hala nola delakoaren puntuazioarekin: ondoren, ez da koma jarri behar.

 

Hona adibide batzuk:

·         Izan zituen irakasle guztiz aipatuak, hala nola Santxo Carranza, Mirandakoa.

·         Zientzia abstrakzioez arduratzen da: indar, atomo eta geneez, esate baterako. Teknologiak, berriz, errealitate konkretuak ditu aztergai, hala nola makinak eta materialak.