Galdera

 

“Zuen seme-alaben tutorea naizen aldetik, ikasturte honen hasieran ikastetxean izango ez naizenaren arrazoia azalduko dizuet”: zuzena da esaldia?


Data: 2016/10/05



Erantzuna

 

a/ Ez: Ezin dira lotu euskaraz arrazoi izena eta perpaus jokatu bat (“ikasturte honen hasieran ez naiz izango ikastetxean”) ‘-aren’ atzizkiaren bidez (ezta bestelako atzizki baten bidez ere).

b/ Euskara naturalean, zehar galdera erabiltzen da horrelakoetan: “[…], azalduko dizuet zergatik […]”

 

 

1/ Gure ustez, gaztelaniaren oihartzunagatik josi duzu esaldia josi duzun moduan: “la razón (de que /) por la que no voy a estar al principio de este curso”. Euskaraz, erdaraz ez bezala, ezin da arrazoi izena perpaus jokatu batekin lotu.

Zure zalantzarekin zerikusia duen beste zalantza bat heldu zitzaigun behin hala, eta orduan erantzundakoaren zati bat aldatuko dizugu hona:

Erdaraz, ohitura gero eta zabalagoa dago erlatibozkoaren itxuran adierazteko esanahiaren aldetik galdera inplizituak baino ez direnak, edozein delarik ere burua:

Hala, “Aún no hemos decidido el monte al que subir mañana” esaldian, decidir aditzaren objektua ez da el monte, baizik eta perpaus osoa:

Aún no hemos decidido a qué monte subir mañana” = “Oraindik ez dugu erabaki zer menditara igo bihar”

 Beste adibide batzuk: 

·         No ha reconocido el precio al que ha comprado las botas” = “Ez du aitortu zenbatean erosi dituen botak”

·         Me gustaría saber ya el equipo que va a quedar cuarto este año” = “Irrikitan nago jakiteko zer talde geratuko den laugarrena aurten”

·         Me preguntó los años que tiene Nacha Guevara” = “Galdetu zidan zenbat urte dituen Nacha Guevarak”

·         Discutieron sobre las razones por las que no lo hicieron a tiempo y las consecuencias de su falta” = “Eztabaidan ibili ziren ea zergatik ez zuten garaiz egin, eta zer ekarriko zuen hutsegite horrek

·         Estad atentos al modo en que se agrieta el glaciar” = “Erne egon nola arrakalatzen den glaziarra”

·         Es importante conocer el lugar donde se esconde el alumnado para fumar” = “Garrantzitsua da jakitea non ezkutatzen diren ikasleak erretzeko” (ez ezagutzea!)

·         Alucino con lo rápido que ha acabado el sudoku” = “Harrigarria da zein arin burutu duen sudokua”

·         He adivinado sin problemas la persona que me escribió el anónimo” = “Arazorik gabe igarri dut nork idatzi zidan anonimoa”

·         Me he dado cuenta de lo poco que me miras” = “Ohartu naiz zein gutxi begiratzen didazun”


Hala, euskara naturalean, honela josiko genuke zure esaldia:

“Zuen seme-alaben tutorea naizen aldetik, azalduko dizuet zergatik ez naizen izango ikastetxean ikasturte honen hasieran.”

 

2/ Arrazoi izena, berriz, lotu daiteke perpaus jokatugabe batekin. Hona Berria egunkaritik ateratako hainbat adibide:

·         Proiektua bultzatzeaz arduratu diren ikerlarien arabera, antzinako laborariek teknika hori baztertzearen arrazoiak ez dira oraindik ezagutzen.

·         Bezeroek zer erosi erabakitzen zuten bitartean, Arrosadiko azoka zabaltzeko arrazoiak azaldu zizkigun Emausko Trapuketariak elkarteko kideak.

·         Bere burua alderdiko buruzagitzara aurkezteko arrazoiak azaldu ditu.

·         Beldur izateko arrazoiak izango dira, baina ez dezagun gero protestarik egin lesbianen irudi bakarra ematen delako.

·         Atxiloketaren arrazoiak. Auzitegi Gorenaren arabera, bi baldintza bete behar dira zigorrak bildu ahal izateko: lehenengoa, epaitua izatearen arrazoiak garai berekoak izatea eta haien artean loturaren bat izatea; bigarrena, gertaerak auzi bakar batean epaitu ahal izan balira, legeak ezinbestean hala egitea eskatzen du.

·         Iñaki Mujikak, bestetik, ikasleak gutxitzearen arrazoiak aipatu dizkio Berriari:« DBHtik etorritako ikasle kopurua gutxitu egin da, eta beherakada hori 2007. urtera arte nabarmenduko da.

·         Eta bide hori hautatu izanaren arrazoia «beldurra» dela uste du.

·         Goirizelaiaren ustez, oso bestelakoa da babes helegitea atzera bota izanaren arrazoia; «erabat politikoa» dela dio.

 

Beraz, ez legoke arazo handirik zure esaldia perpaus jokatugabe batekin josteko:

“Zuen seme-alaben tutorea naizen aldetik, ikasturte honen hasieran ikastetxean ez egotearen arrazoia azalduko dizuet.”

 

 

3/ Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko perpausak - 1) Euskaltzaindiaren gramatikan ohartarazten gaituztenez, perpaus osagarrietan eta zurearen moduko perpausetan, -eLAREN, -eLAZKO, -eNAREN edo are -eNEKO atzizkiak ez dira zuzenak (151.-152. orrialdeak).