Galdera

 

Aurkezpen batean Urte askotarako esaten badizute, zer erantzun behar da?


Data: 2016/10/21


Erantzuna

 

Ez dago formula jakinik. Egoerak markatuko du erantzuna (edo ez erantzutea, keinu bat nahikoa baldin bada).

 

 

1/ Normalean, zoriona opatzeko (urtebetetze, ezkontza, jaiotza eta halakoetan) erabiltzen dugu “urte askotarako/urte askoan” esapidea.

 

—Zorionak, eta urte askotarako!

—Eskerrik asko!

 

 

 

—Egia da Mikaela eta Don Anjel ezkontzen dirala?

—Urte askotarako eta osasunarekin izan dedilla.

(Orotariko Euskal Hiztegia)

 

 

 

2/ Kortesiazko formula ere bada, norbait aurkeztean erabiltzen dena. Eta, hain zuzen ere, zure galderak horrekin du zerikusia. Orotarikoan ageri diren beste adibide batzuk jarriko dizkizugu:

 

—Hemen presentatzen dizuet gure kapitain jauna.

—Urte askotarako.

 

—Ni Franzis-en emaztia naiz.

—Oh! Poztutzen naiz zu ezagutzea. Urte askotako!

 

—Zu al zera Meliton?

—Serbitzeko.

—Urte askuan.

 

—Au, nere anaiya da.

—Urte askuan.

 

 

Nola jarraitu dezakete horrelako elkarrizketa batek?

 

Eman dezagun ikastetxean zuzendaria, ikasle baten ama eta ikaslearen tutorea elkartzen direla:

 

—Hau da zuen alabaren tutorea: Izaskun.

—Pozten naiz. Urte askotarako!

—Eskerrik asko, eta pozten naiz ni ere.

 

 

Eman dezagun kalean doazela bi lagun, eta topo egiten dutela beste batekin:

 

—Itziar, hau da Alex.

—Urte askotarako! Banuen gogoa zu ezagutzeko!

—Baita nik ere!

 

 

3/ Interesgarri izango zaizu esteka honetan Asier Larrinaga Larrazabalek eskaintzen dituen kortesiazko formulen zerrenda, eta bestelakoak; baita Pello Salabururen erantzuna ere. Irakurri!