Galdera

 

'Dakizuenez, aurten ere, zuen seme-alaben tutorea izango naiz”. Ondo puntuatuta dago?


Data: 2016/10/24



Erantzuna

 

Ederto dago puntuatuta.

 

1/ Puntuazioaren gaineko zalantza bat daukagunean, EIMAren Puntuazioa liburuxkara jotzen dugu normalean.

Bertan, 27.-29. orrialdeetan, azaltzen du Juan Garzia Garmendia maisuak noiz jarri behar den koma ezinbestean. Esaterako, zure “dakizuenez” horren kontura, honela dio:


Komaz lotzen dira esaldiaren hasierako bestelako osagai asko ere (mintzagai badira, eta ez galdegai):

 

(75) Zientzietako ikasgaiei dagokienez, ezin esan hain ondo dabilenik.

(76) Definizio horien arabera, merkurioa elementua da.

(77) Esperientzia horri esker, burdina herdoildu egin zen.

(78) Esan duzun guztia egia bada, lasai egon zaitezke.

(79) Ikusi dugunez, argiaren hedapen-abiadura inguruneak baldintzatuko du.

(80) Zaila den arren, lortzen saiatuko gara.

 

 

“Aurten ere” bereziagoa da. Ere partikuladun sintagmak mintzagai dira, eta mintzagaien ondoren (subjektuen ondoren izan ezik) koma jartzen da; dena dela, baliteke erredundantea izatea askotan, ere bera muga askoa izaten baita gehienetan. Dena dela, dagoen tokian egonda, guk ere koma jarriko genuke.