Galdera

 

Documento Único Empresarial / Euroventanilla / Ventanilla Única Empresarial (enpresa arloko hiru termino): Nola eman euskaraz? 

 

Data: 2016/10/25



Erantzuna

 

Documento Único Empresarial: Enpresentzako Dokumentu Bakarra / (Enpresentzako) Dokumentu Elektroniko Bakarra

Euroventanilla: Euroleihatila

Ventanilla Única Empresarial: Enpresentzako Leihatila Bakarra

 

 

1/ Espainiako Estatuan enpresa bat sortzeko, pauso hauek eman behar dira: CIRCEren atarian sartu, NAN elektronikoaren bidez nork bere burua identifikatu, eta DUE (Documento Único Empresarial) bete.

Dena dela, dokumentu bakar hori elektronikoa da, eta DUE siglen esanahia, gehienentzat, Documento Único Electrónico da.

Hori dela eta, bi aukera eskaini dizkizugu lehenengorako: Enpresentzako dokumentu bakarra, erdarazko zure terminoari euskarazko ordain hurbila ematearren; baina baita (Enpresentzako) Dokumentu Elektroniko Bakarra ere, horixe baita erabiliena. Esaterako, honela dio euskarazko bertsioan 2015 / 44 Errege Dekretuak, otsailaren 2koak, zehaztapenak eta baldintzak arautzen dituenak: "Dokumentu Elektroniko Bakarra (DUE) martxan jartzeko, sozietate kooperatiboak eta sozietate zibilak, ondasun erkidegoak, ekintzaile eta erantzukizun mugatuko lan sozietateak izapidetze telematikoko sistemaren bidez […]”

 

2/ Euroleihatila da burura etorri zaigun lehen aukera euroventanillaren euskal ordaintzat. Interneteko bilatzailean sartu, eta adibide ugari topatu ditugu, haietako batzuk web-orri ofizialetakoak: Arabako Foru Aldundiarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena…

 

3/ Aurreko puntukoa onartuta, (Enpresentzako) Leihatila Bakarra da Ventanilla Única Empresarialen euskal ordainik logikoena.

Hala, Eustat erakundeak honela definitzen du Leihatila Bakarra:

 

Leihatila bakarra

(One stop shop). Herritarrek Administrazio Publikoan xede jakin batekin egin beharreko izapide desberdinak instantzia edo organismo bakar batean biltzea da. Leihatila bakarrak baimenak, akreditazioak, baliabideak edo zerbitzuak lortzeko ordainketak eta prozedura ofizialak arintzeko sortu dira, herritarrek eta enpresek administrazioen egiturak eta organigrama konplexuak eragindako sakabanaketa espazialaren ondorioak nozi ez ditzaten.

Leihatila bakarrak edo espazio komunak: Hainbat administraziok akordio bidez erabakitako informazio, izapide eta zerbitzuetara irispidea izateko herritarrek erabil ditzaketen baliabide edo kanalak (bulego integratuak, telefono bidezko arreta, Interneteko orriak eta beste batzuk). (12352 11/2007 LEGEA, ekainaren 22koa, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa).