Galdera

 

“Ez naiz ikasturte hasieran eskolan egongo”: zuzena eta egokia da?


Data: 2016/10/25



Erantzuna

 

Zuzena da. Eta desegokia ez da, gure ustez; baina erne ezezkoekin!

 

1/ Gehien-gehienetan, ezezko esaldietan ukazioa bera izaten da galdegaia; beraz, bai/ez tankerako galdera inplizitu zein esplizituari dagozkie: “Egongo naiz/zara…?”

Arau hertsiari jarraituz, ezezko esaldi hauetako bakoitza aldamenean duen galderari dagokio:


·         “Ez naiz ikasturte hasieran eskolan egongo” ← “Egongo naiz/zara ikasturte hasieran eskolan?”

·         “Ikasturte hasieran, ez naiz eskolan egongo” ← “Ikasturte hasieran, egongo naiz/zara eskolan?”

·         “Ikasturte hasieran, ez naiz egongo eskolan” ← “Ikasturte hasieran, egongo naiz/zara (eskolan)?”


Praktikan, berriz, ez dago ia-ia alderik batetik bestera: oso antzekoak dira esanahiaren aldetik.

 

2/ Kontuz ibili behar da, baina, [‘EZ’ aditz laguntzailea + … + aditz nagusia] ogitartekoekin; batez ere, aditz laguntzailearen eta aditz nagusiaren artean elementu asko pilatzen direnenean, edo elementu horiek luzeegiak direnean. Ogitarteko luze horiek egiten direnean, arazoak izaten dira egoki ulertzeko, edo lehen begi kolpean ulertzeko:


·         “Ez dugu azken hogei urte hauetan hain emaitza txarrik Euskal Herrian izan, egin genituenak egin arren” > “Azken hogei urte hauetan, ez dugu hain emaitza txarrik izan Euskal Herrian, egin genituenak egin arren”

·         “Ez gara datorren ostegunean zuek antolatutako ibilaldira inola ere joango” > “Datorren ostegunean, ez gara inola ere joango zuek antolatutako ibilaldira”


Ulertzeko arazoa areagotu egiten da aditz laguntzailearen eta aditz nagusiaren artean beste aditz jokatu bat dagoenean:


·         “Horrek ez du aldaketa nahitaez dekretuz ezarri behar dutenik esan nahi” > “Horrek ez du esan nahi aldaketa nahitaez ezarri behar dutenik dekretuz”

·         “Nik ez nioke nire plater bati sekula ulertuko ez nukeen izenik jarriko” (puntako sukaldari euskaldun baten esaldia)


Irakurleak hau irakurtzen du lehen begiradan: “Nik ez nioke nire plater bati sekula ulertuko…”, muturra okertu (zer demontre da hori?), eta gero haria guztiz galdu beste ‘ez’ bat ikusita.


“Nik ez nioke sekula jarriko nire plater bati ulertuko ez nukeen izenik”