Galdera

 

Testu batean, markatu egin behar dira esaera zaharrak? Kakotx artean idatzi behar dira? Letra etzanez?


Data: 2016/10/25



Erantzuna

 

Kakotx artean aipu modura badoaz idatzi behar dira, edo esaera zaharrari berari buruz jardutean; bestela, ez dira markatu behar.

 

 

1/ Hitzez hitzeko aipamenetan kakotxak erabili behar direnez, norbaitek esandakoak idatzi behar direnean, kakotx artean idatzi behar dira esaera zaharrak, baina ez esaera zaharrak direlako, noski:

·         Amak beti esaten zidan, sofa gainean etzanda orduak eta orduak nola pasatzen nituen ikusten zuenean: “Nagia, beti lantsu”.

·         Ainara etengabe ibiltzen zitzaigun “nola erein, hala bildu” esaka eta esaka, bere filosofia merkearen erakusgarri.

 

Testuan derrigor nabarmendu behar dira, kakotx artean idatzita, esaera zaharrak berak direnean hizpide:

·         Zein da balizko olak, burdinarik ez euskal atsotitzaren baliokidea gaztelaniaz? Orotariko Euskal Hiztegiak jasotzen du balizko hitzaren sarreran, eta ondo ederra da, aliterazioagatik: la ferrería de si fuese no face fierro.

·         Ez ezazue pentsatu gure ahozko diskurtsoa-eta atsotitzez josita egoten denik: zaharren usteak ez dira beti egiak esaerak dioenarekin guztiz konforme gaude.

 

 

 

2/ Hizketa barruan txertatzen direnean, berriz, esaera zaharrak ez dira markatu behar:

·         Gogoa den tokian aldaparik ez dagoenez, 48 ordu eman zituen lo egin gabe autoa gidatzen Greziara lehenbailehen heltzeko. (Gogoa den tokian, aldaparik ez)

·         Kanpoan uso eta etxean otso omen da gure ikasle Erramun. (Kanpoan uso eta etxean otso)

·         Jakiteak ez du ogirik jaten…: baina, orduan, non demontre daukagu ogia? (Jakiteak ez du ogirik jaten)

·         Dakienak dakien adina esaten du, konforme, baina dena dakienak ez daki ezer, ez baitaki ez jakitea zer den. (Dakienak dakien adina esaten du)

·         Kontutxo bat aitortuko dizut Erramunen gainean, aprobetxaturik oraindik ez dela etorri..

—Hara! Otsoa aipatu, eta otsoa atean. Ze moduz, Erramun? (Otsoa aipatu, eta otsoa atean)