Galdera

 

NOLA galdera: erantzun dakioke -T(Z)EN formako perpaus jokatugabeak erabilita?

 

Data: 2016/11/04



Erantzuna

 

Euskara estandarrean, ez. Eta bizkaiera estandarrean ere ez da gomendatzekoa.

 

1/ Euskara estandarrerako (baturako), hona zertaz ohartarazten gaituen Euskaltzaindiak bere EGLU-VII (Perpaus jokatugabeak) liburuko 327. orrialdean:

Oker bat zuzentzen: -TUZ ¹ -TZEN

Gaur egun, zenbaitetan ez dira behar bezala bereizten -TUZ formadun moldeen eta -TZEN formadunen eremuak; nahastu egiten dira, eta batzuetan bigarrena lehenaren ordez erabiltzen da.

Aditz nagusiari egiten zaion galderaren erantzunak bereizten ditu bata eta bestea. NOLA galdetzailea erabiliz gero, -TUZ formadunak izango genituzke, eta ZERTAN galdetzailea erabiliz gero, berriz, -TZEN formadunak.

[…]

Kontua da batzuetan nolakotasuna adierazteko -TZEN formadun moldeak erabiltzen direla (oker erabili ere), -TUZ/-TUAZ moldeak erabili beharrean. Moduzkoak dira -TUZ atzizkia dutenak, eta osagarriak, berriz, -TZEN dutenak.

  • Ongi elikatuz segurtatzen da osasuna.
  • Ongi elikatzen segurtatzen da osasuna.
  • Arituz ikasi dut pianoa jotzen.
  • Aritzen ikasi dut pianoa jotzen.

 

Beraz, beren-beregi gaitzesten du Euskaltzaindiak -TZEN atzizkidun formen erabilera hori, eta oso esanguratsua da EGLU moduko obra batean horrelako oharra aurkitzea, neurri handi batean gramatika deskribatzailea baita, eta ez arauemailea.

 

2/ Hori esanda, nekez onartu liteke aukera hori bizkaiera estandarrerako ere. Kontua da euskara baturako Euskaltzaindiak markatzen dituela arauak, eta ez dagoela hizkuntza akademiarik mendebaldeko euskara arautzeko.

Akademia batetik hurbilen dagoen erakundea Labayru institutua da. Bada, Bizkai euskararen jarraibide liburua (Bigarren pausuak) izeneko gramatikan, -TZEN atzizkidun perpaus jokatugabeen balioak aipatzen ditu (laburbildu egingo dugu bertan jasotzen dena):

·         ZERTAN: Maisu hori beti jabilku adarra joten.

·         Konpletiboa: Itxi deutsoe gure mutilak abade naparrari partidua irabazten.

·         Aditz batzuen osagarria: Ahaztu jat pianoa joten. / Maisuak Joni zigarroa erreten itxi deutso. / Kantsauta nago beti zuri itxaroten. / Edaten ohituta ez dagoana erraz txolintzen da

·         Helburuzkoa: Eskola batzuk emoten bialdu eban ordezkoa.

·         -TZEN joan: Goazen kafetxu bat hartzen.

Ikusten duzunez, ez du jasotzen moduzko perpausen balioa, -TZEN lez esapidean salbu (baina moduzko balioa, horretan, lez berbak darama berekin). Eta hori ere esanguratsua da, Labayrukoek ondo baino hobeto baitakite mendebaldeko hainbat hizkeratan NOLA/ZELAN galderari -TZEN atzizkidun perpausekin erantzuten diotela.

 

3/ Kontu bat da nola hitz egiten dugun egoera ez-formaletan eta oso bestelakoa da nola hitz egiten edo idazten dugun egoera formaletan.

Kontsulta Zerbitzuko kide batek, mendebal urruneko euskara dialektalean berba egiten duelarik, honakoak erabiltzen ditu:

·         “Ez dakit etorri bada” (= “Ez dakit etorri dan”) 

·         “Atzo Guggenheim alboan ikusi neutsun” (= “Atzo Guggenheim alboan ikusi zintudan”)

·         (—“Zelan pasau dozu hortik?) “—Ba, bildur barik pasetan” (“—Ba, bildur barik pasatuta/pasaturik/pasatuz”)

Hiru erabilera horiek ezin onartuzkoak dira euskara estandarrean, jakina, baina euskara modu hori heredatu du: ez dugu anatematizatuko ez bera, ezta beraren euskara ere. Tabernan onartzekoak diren horiek ez ditu erabiltzen Kontsulta Zerbitzuko kontsultak argitzeko prestatzen dituen dokumentuetan, estandarrerako zuzenak diren formak erabiltzen saiatzen da: horixe da bidea.

 

4/ NOLA galderari perpaus jokatugabe batekin erantzun nahi izanez gero, ezinbestean erabili behar dira -TUZ amaieradun formak?

EZ! Gure erantzunetan maiz gomendatzen dugunez, aukera bat baino gehiago zuzenak direnean, norberaren hizkeratik hurbilen dagoena aukeratzea gomendatzen dugu (edo oso urrun ez joatea behinik behin). Hala, norbaiti arrotza egiten bazaio -TUZ amaiera, badauzka horren pareko beste bi baliabide: -TUTA eta -TURIK.

—Zelan pasatu duzu hortik?

—Ba, beldur barik pasatuta/pasaturik