Galdera

 

Marie Curie-ren “Dejamos de temer aquello que hemos aprendido a comprender” esaldia: nola eman euskaraz?

 

Data: 2016/10/11



Erantzuna

 

“Bizitzan, ez dago beldurtzeko moduko ezer; gauzak ulertu besterik ez dugu egin behar”

Marie Sklodowska-Curie

 

 

1/ Esaldi bat euskaratu behar dugun bakoitzean, jatorrizko hizkuntzara jotzea da gure lehen pausoa, baldin eta badakigu zein den jatorrizko hizkuntza hori, eta esaldia hizkuntza horretan ere ulertzen badugu.

 

Kasu honetan, ez dakigu Maria Sklodowska poloniarrak (Marie Curie, Pierre Curierekin ezkondu eta gero) zein hizkuntzatan eman zuen esaldi famatu hori, baina seguru gaude gaztelaniaz ez zuela eman.

 

Kontua da ez dugula forma horretako esaldirik aurkitu beste hizkuntza batzuetan: Iberiar Penintsulako hizkuntzetan baino ez dago Interneten, seguruenik gaztelaniazko bertsio bitxi horretatik abiatuta.

 

Baina frantsesez eta ingelesez (eta beste hainbat hizkuntzatan, baita katalanez eta galegoz ere), honela formulatuta ageri da:

 

·         Dans la vie, rien n’est à craindre, tout est à comprendre.

·         Nothing in life is to be feared, it is only to be understood.

·         Res a la vida ha de ser temut, només comprés.

·         Non hai que temer a nada na vida, só hai que comprendelo.

 

Eta gaztelaniaz ere,No hay que temer a nada en la vida, sólo tratar de comprender” beste hizkuntza horietan bezala formulatuta aurkitu dugu.

 

Beste alde batetik, inork ez daki non-noiz adierazi zuen esaldi biribil hori Marie Curiek. Are gehiago, koda bat eransten diote batzuek, Marie Curiek berak honelakorik esan zuela zalantzan jartzen badute ere:

 

·         Il est temps à présent de comprendre davantage, afin que nous puissions moins avoir moins peur. 

·         Now is the time to understand more, so that we may fear less.

·         Ara és hora de comprendre mes, per témer menys.

·         Ahora es el momento de comprender más para temer menos.

 

 

2/ Beraz, euskarazko bertsioan Marie Curieren aipua dela beren-beregi idatzi behar baduzue, badaezpada, “Dans la vie, rien n’est à craindre, tout est à comprendre" esalditik abiatuko ginateke, eta ez kontsulta egitean eman duzun formulatik:

 

Bizitzan, ez diogu ezeri beldurrik izan behar;

Bizitzan, ez dago beldurtzeko moduko ezer;

gauzak ulertu besterik ez dugu egin behar. dena dago guk ulertzeko.

 

 

Zalantzazko koda nola euskaratu interesatzen bazaizu, hona zer egingo genukeen guk:

 

·         […] Orain da abagunea gehiago ulertzeko, beldur gutxiago izan dezagun.

 

 

3/ Dena dela, ez diogu zure esaldiari muzin egin. Dejamos de temer aquello que hemos aprendido a comprendereuskaratzean behin eta berriro trabatu zarela diozu, eta, badaezpada, horretarako ere gure irtenbidea proposatu nahi dizugu:

 

“Behin zerbait ulertzen hasita, galtzen diogu beldurra”

Marie Sklodowska-Curie (??)