Galdera

 

Fisika unitateekin, nola jokatu deklinatzean: marratxoarekin ala marratxorik gabe?; zein da deklinabide atzizkia?


Data: 2016/11/11



Erantzuna

 

Marratxoa jarri behar da; unitatea nola irakurtzen den, atzizkia bat edo beste izango da.

 

 

1/ Hiru unitate aipatzen dizkiguzu kontsultan: kW·h (potentzia), A (korronte elektrikoko intentsitate elektrikoa) eta W (erresistentzia elektrikoa).

 

Ikusi dezagun nola irakurtzen diren:

Unitatea

Irakurbidea

kW·h

kilowatt (bider) ordu

A

ampere

W

ohm

 

 

2/ Bada, sinbolo horiek deklinatzen ditugunean honela jokatu behar dugula diosku J.R. Etxebarriak EIMArako idatzi zuen Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuan:


«Euskarazko testuetan, sinboloek edo sinbolo taldeek (neurri-adierazpenek, ekuazioek...) euskal joskerari zor zaizkion atzizkiak hartu behar dituzte maiz. Horrelakoetan, marratxoa jartzen da sinboloaren eta atzizkiaren artean, deskodetu behar den zatia (nazioarteko sinbolo taldea) eta hizkuntza naturaleko zatia bereizteko.»

 

Beraz, adibide hauetan bezala jokatu behar duzu:

·         kW·h-tan neurtu behar duzue potentzia.

·         Kalkula ezazue eroale baten erresistentzia, W-etan adierazita, jakinik 3 A-ko korrontea pasatzen dela bertatik, eta 12 V-eko potentzial-diferentzia dagoela muturren artean.  

 

Hau da:

·         Kasu guztietan, marratxoa jarri behar da deklinatzean: kW·h-tan, eta ez kW·htan.

·        Ampere izena bokalez amaitzen denez, «hiru ampereko korrontea» irakurri behar dugu, eta hori berori idazkera sinbolikora ere eraman: 3 A-ko.

·         Ohm eta volt izenak, berriz, kontsonantez amaitzen dira, eta beraz «ohmetan adierazita» eta «hamabi volteko potentzial diferentzia» irakurri behar dugu, eta horiek bere horretan eman idazkera sinbolikoan: W-etan eta 12 V-eko, eta ez W-tan eta 12 V-ko.

·         Bada kasu berezi bat: unitatearen aurretik doan zenbakia 1 denean, 1 A-eko idatzi behar dugu (eta ez 1 A-ko), irakurtzean «ampere bateko (korrontea)» irakurri behar dugulako.