Galdera

 

If you talk to a man in a language he understands, that goes to his head. If you talk to him in his language, that goes to his heart”: nola eman euskaraz?

 

Data: 2016/11/11



Erantzuna

 

Norbaiti ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara; bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara.

Nelson Mandela

 

 

1/ Uste izan dugularik batek baino gehiagok eman dutela euskaraz Nelson Mandelaren esaldi zoragarri hori, Internetera jo dugu ereduen bila, ea nolabaiteko itzulpen kanonikorik ote dagoen. Hona gure ikerketaren emaitza batzuk:

 

a.       Elhuyar: “Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu,esaten diozuna haren intelektora doa,baina bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bihotzera doa”

 

b.      Juan Calparsoro Damián, EAEko fiskal nagusia: “Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, bere burura iritsiko zara, bere hizkuntzan egiten badiozu, bere bihotzera iritsiko zara”

 

c.       Oarsoarrak (Oarsoaldeko Euskara Batzordea): “Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, hori bere intelektora doa, baina bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bihotzera doa”.

 

d.      Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika: Pertsona bati ulertzen duen hizkuntzan hitz egiten badiozu, haren garunera iristen zara. Haren hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, haren bihotzera iristen zara” (Berrian) / “Ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu norbaiti, bere burura iritsiko zara. Bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, bihotzera iritsiko zara” (euskadi.eus)

 

 

2/ Geure bertsioa osatzea erabaki dugu horiek irakurrita, honako hauek kontuan hartuta:

 

·         burua erabili dugu, eta ez intelektoa edo garuna, demasekoak irizten diegularik.

·         Jatorrizkoan man eta his arriskutsu horiek denek saihestu dituzte, pertsona baliatuta (gizaki erabili duenik ere aurkitu dugu!); guk, berriz, norbait izenordainarekin nahikoa dela uste dugu.

·         Haren/bere posesiboekin honela jokatu dugu: balio anaforikoarekin haren, eta bihurkariarekin bere.

·         Esanahia indartzeko, beste batzuek bezala geuk ere egiten dugu propio horren alde; baina baliteke erredundantea izatea, kontrastea argi baitago “ulertzen duen” horrekin.

·         Era berean, joan aditzak inpertsonal kutsua du; guk, berriz, beste batzuek bezala, nahiago izan dugu iritsi baliatu, eta bigarren pertsonari eutsi testu osoan.

·         Argi dago kontrastea dagoela, baina efektu hori indartu egin nahi izan dugu berriz lokailuarekin.