Galdera

 

Erdal jatorrizko hitzekin, nola jokatu deklinatzean: marratxoa jarri ala ez?

 

Data: 2016/11/16



Erantzuna


·         Beretu gabeko erdal hitzak letrakera etzanez idatzi behar dira: fracking.

·         Kasu marka, ostera, letrakera arruntez idatzi behar da.

·         Marratxoari dagokionez, bi joera kontrajarri daude: bata jartzearen alde (Berria); bestea ez jartzearen alde (EIMA).

 

 

1/ Erdal hitza direla adierazteko, letrakera etzana erabili behar da (edo kakotxak, letrakera etzana erabiltzerik egon ezean), bai euskaraz, bai erdaraz:

fracking, cracking, austempering, mailgate, bullying, mobbing, zombie, coaching, lobby

 

Baina letra arruntez idazten dira Euskaltzaindiak batasunerako onetsitako erdal jatorriko hitzak (hainbat eta hainbat dira):

camping (edo kanpin), laser, radar, campus, cava, charter, collage, copyright, corpus, cowboy, croissant, cum laude, curriculum (vitae), salami, versus, vodka, voyeur, walkie-talkie, walkman, western, whiski, windsurf, yanki, yuppie... (Hiztegi Batuak jasotzen ditu)

 

Askotan, hizkuntzaren barruko baliabideen bidez ematea aholkatzen dute estilo liburuek eta akademiek:

·         fracking > haustura hidraulikoa

·         bullying > eskolako jazarpena

·         mobbing > laneko jazarpena

·         coaching > entrenatu/tzea, entrenamendu…

·         lobby > presio-talde

·        

 

 

2/ Arazoa da marratxoarena, erantzun laburrean ohartarazi bezala, bi joera kontrajarri baitaude gure autoritateetan:

a)      EIMAk ez du beren-beregi aipatzen marratxoa ez dela jarri behar, baina hala jokatzen du de facto adibide guztietan; beraz, guk geuk adibide hauetan bezala idatzi behar dugu ikasmaterialak sortzen edo zuzentzen ditugunean:

 

·         Leasingaren gaineko jardunaldi batzuetara joan zen Adela.

·         Sekulako kolpeak eman zizkion sparringari, nahiz eta entrenamendu ziztrin bat baino ez izan.

 

b)      Berriaren estilo liburuak, ostera, hau dio: «Deklinabide atzizkia letra arruntez idatziko dugu, eta marratxoz lotuko diogu hitzari». Beraz, honela idatzi behar dituzte adibideok Berriako langileek:

 

·         Leasing-aren gaineko jardunaldi batzuetara joan zen Adela.

·         Sekulako kolpeak eman zizkion sparring-ari, nahiz eta entrenamendu ziztrin bat baino ez izan.