Galdera

 

Noiz erabili al partikula?

 

Data: 2016/11/16



Erantzuna

 

Bai/ez motako galderetan.

 

 

1/ Lehenik eta behin, ekarri dezagun zer dioen al sarreran Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

al Bai/ez galderak markatzeko, adizkiaren ezkerrean ezar daitekeen hitza.

Etorri al da? Gaixo al zaude? Ez al du ekarri behar? Hori ere ez al daki? Ba al dabil? Ez al garen isilduko ari da galdezka.

 

 

2/ Al partikula, batez ere, gipuzkeraz erabiltzen da (eta, beraz, asko zabaldu da komunikabideei esker). Bizkaieraz eta nafarreraz, esaterako, ez da inolako partikularik txertatzen bai/ez motako galderetan:

 

·         Gaixo al zaude? = Gaixo zaude?

·         Ba al dakizu nor etorri den? = Badakizu nor etorri den?

·         Galdetu dit Lorena etorri al den = Galdetu dit Lorena etorri den (ala ez)

 

Oharra: Ipar Euskal Herriko zenbait hizkeratan, beste baliabide bat daukate bai/ez motako galderak direla markatzeko: aditzari ‘-a’ amaiera itsastea.

·         Ba al dakizu nor etorri den? = Badakizu nor etorri den? = Badakizua nor etorri den?

 

 

 

3/ Bai/ez motako galderetan erabiltzekoa da al partikula, eta, beraz, ez da bestelako galderetan erabiltzekoa: ezin dira batera joan al eta galdetzailea.

 

·         Nork apurtu al du?

·         Non al dago Mikel?