Galdera

 

Ote partikula: nola erabili?


Data: 2016/11/16



Erantzuna

 

Galderetan, zalantza adierazteko.

 

 

1/ Lehenik eta behin ikus dezagun nola definitzen duen ote partikula (bizkaieraz, ete) Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

ote2 1 Hizkl. Hiztunak, galderetan, zalantza adierazteko edo azpimarratzeko erabiltzen duen partikula. (Aditz laguntzailearen eta era trinkoen ezkerrean ezartzen da). Etorri ote da? Zer ikusi ote zuen? Ote da munduan bat ere halakorik? Ba ote da hau bezain gauza ederrik? Ez ote da gertatzen entzule batek batera eta besteak bestera aditzea? Horren sentikorra ote da oraingo jendea? Ze izen arraio ote da hori? Horrela ote da? Gurea ote dugu Baroja? Zinetan uste ote du X-k hori? Zer gertatu behar ote du? Bide zuzenagorik ez ote dago?

2 (Zehar-galderetan). Begira etsi ote duzun. Ez dakit, ordea, horien balioa goregi jasoa ez ote daukagun. Galde daiteke orain ea haren alde ote gauden ala kontra. Dudan irudia zuzena ote den, nola jakin? Beldur naiz zenbaiten gogoan ez ote dudan ez dagokidan itxurarik. || Hauetatik batzuk berak asmatu ote zituelako susmoa ere zabaldu da.

3 (Aditza ezabaturik). Atsotitz horien hizkera, nongoa ote? Hitz hori, Axularrena ote? Zergatik ote? Bai ote? Zorionekoa ote, edo gaiztokoa, hori ez dakit.

 

 

 

2/ Al eta ote

Al partikulak ez bezala, beraz, ote elementuak ez du galdera markatzen: zalantza edo susmo kutsua ematen dio galde-perpausari.

Gainera, erruz erabiltzen da ote zehar-galderetan; al partikula, kontrara, galdera zuzenetan baino ezin da erabili, eta galdetu aditzarekin edo pareko batekin josten diren zehar galderetan:

·         Ez dakit ausartu ote den.

·         Ausartu ote da?

·         Ez dakit ausartu al den.

·         Galdera egingo diot ausartu al den.

·         Ausartu al da?

 

Omen eta ote

Ziurtasun eza omen partikulak ere adierazten du; baina ote galderetan bakarrik erabiltzekoa da, galdera zuzenetan zein zehar galderetan.

 

 

3/ Esaldiaren esanahia, ote jarri edo ez, aldatu egiten da. Hala:


Aurkitu du gustuko oparia?

Aurkitu ote du gustuko oparia?

Zeinek erabiltzen du orain?

Zeinek erabiltzen ote du orain?

Badaki norekin hitz egiten ari den?

Ba ote daki norekin hitz egiten ari den?

 

Ezkerreko zutabeko galderetan, galdetzen duen solaskideak informazioa bilatzen du: beste solaskideak/ek erantzutea espero du.

 

Eskuineko zutabeko galderetan, berriz, galdetzen duenak ez du espero erantzunik: susmoa edo zalantza edo artegatasuna edo zerbait sinesgaitza egiten zaiola adierazten du, ez besterik; are gehiago: baliteke bere buruari egindako galderak izatea, erretorikoak.