Galdera

 

'Barre/negar asko egin genuen': zuzena da?

 

Data: 2016/11/16



Erantzuna

 

Gure ustez, bai.

 

1/ Kontsultan diozu negar eta barre ez direla zenbatzen; eta, beraz, negar asko eta barre asko ez direla zuzenak, eta negar handia eta barre handia esan behar dugula.

Guk, berriz, ez dakigu euskaraz hitz egiten izen horiek zenbakarritzat hartu gabe; izan ere, logika horren arabera, zuzentasunaren aurkakotzat  jo beharko genituzke bi esaldi hauek:


·         Gauetan zenbat negar egin dudan bazeneki, zenbateko etsipena izan dudan eta zein zoritxarreko sentitu naizen bazeneki […] (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)

·         Zenbat barre egiten genuen, eta zeinen ongi pasatzen, geure aurpegiak margotzetik mila txorakeria esateraino! (Ipuin batean bezala, Joan Mari Irigoien)


Negar eta barre izenek zenbat galdetzailea onartzen badute (hizkuntza erabilerak ez dira zertan izanik logikoak!), hein berean onartuko dituzte asko, gutxi eta bestelakoak, gure ustez.

 

2/ Erabilera nagusiaren kontra batzuek barre handia izan behar duela diote. Ereduzko Prosa Gaur corpus arakatzailean (2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen ditu) barre handia kontsulta egin, eta agerpen bat baina ez dauka!:

·         Haiek sorbaldak jaso zituzten, barre handia egin zuten haren kezkak zirela eta. (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala)

Oso esanguratsua da, gure ustez, behin bakarrik topatu izana forma hori. Kontrara, askoz ere maizago aurkituko ditugu pluraleko adibideak, edo zenbatzaile zehaztugabe baten makulua daukatenak: barre asko (eta noski ugari, eta makina bat…), barre gehiago, barre apur bat (eta pixka bat), sekulako barreak, kristoren barreak, barre handiak, barre ederrak… Jakina, barre-algara asko, barre-algara handiak… Zuk zeuk egin proba Ereduzko Prosa Gaur-en.

 

3/ Beraz,

·         Me he reído mucho = Barre asko egin dut / Barre ederrak egin ditut / Barre handiak egin ditut / Barre galantak egin ditut / Barre batean egon naiz / A zer barreak egin ditudan! / …

·         He llorado mucho = Negar asko egin dut / Negar handiak egin ditut / Negar franko egin dut / Zenbat negar ez ote dudan egin! / Sekulako negarrak eginda nago ni / …

Nos echamos unas risas lagunarteko hizkerari dagokio, eta, zer-nolako doinua ematen diozun, sekulako barreak izan litezke edo tarteka baino ez.

·         Nos echamos unas risas (del copón) = Barre batean egon ginen denbora guztian / Barrez lehertzen ibili ginen / Barrez ito beharrean egon ginen / Galtzak busti ere egin genituen / Gogotik barre egiten eman genuen denbora guztia / Jooooe, ez genuen barre gutxi egin! / Barrearen  barrez…

·         Nos echamos unas risas (tarteka, y nos fuimos para casa temprano) =  Barre batzuk egin, eta etxera goiztxo / Barre apur bat egin genuen, eta etxera / Barre-algara batzuk bota, eta etxera