Galdera

 

NOR-NORK saileko orainaldiko ondorioetan, zein da adizki laguntzailea: zintuztekete ala zintuzketete?


Data: 2017/01/02



Erantzuna

 

Zintuzketete edo zintuzkete

 

1/ Euskara batuko aditz laguntzaileen taula aspaldi finkatu zuen Euskaltzaindiak. 1973an, hain zuzen ere, argitaratu ziren taulak Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian. Sarreran, gainera, beren-beregi aipatzen da zuk plazaratu duzun arazoa:

“Dudazkoenak -teke- eta -kete- atzizkiak daramazkiten formak dira, berauetan batzordekoen eritziak beste guztietan baino bateragaitzagoak baitziren” (ikusten duzunez, esaldi horietako hitz batzuk ez dira gaur egungo euskara batuko formak)

 

2/ Euskaltzaindiak, zalantzazko kasuak behin finkatuta, 1997ko azaroan eman zituen argitara, arau modura (“Aditz laguntzaile batua”: 78. araua), euskara batuko aditz laguntzaileen taulak. Horiexek dira erabili beharreko erreferentzia, eta ez kontsultan aipatzen duzun liburua ez beste edozein.

32. orrialdean duzu interesatzen zaizun adizkia: [NOR = zuek] eta [NORK = haiek] direnean, nola da adizki laguntzailea ondorioetan?

·         Bi aukera ematen ditu, erantzun laburrean esan bezala: zintuzketete eta zintuzkete.

·         Beraz, zintuztekete ez da zuzena.

 

Oharra: adizki batean -tete denean, sistematikoki onartzen da -te soileko forma ere esanahi berarekin: zaituztete eta zaituzte; zaitzatete- eta zaitzate-; bazintzatete eta bazintzate…