Galdera

 

Gaur nire urteak dira: zuzena da esaldia? Ikastetxeko euskara irakasleak ezetz dio.


Data: 2017/01/03



Erantzuna

 

Guztiz zuzena da esaldia.

 

1/ Modu bat baino gehiago dago euskaraz (eta beste hizkuntzetan, jakina) horrelakoak esateko. Eta euskara irakasle horrek jakin beharko luke hori, edo gutxienez barruntatu berak etxean, eskolan edo euskaltegian ikasitako forma nekez izan litekeela forma bakarra. Beste kontu bat da hizkera mailarena edo erregistroena: baliteke euskara estandarrerako forma guztietatik bat nagusitzen joatea eta beraz nolabait erregistro kulturako huraxe identifikatzea, euskara hutsezko komunikabide nagusietan eta eskoletako testu liburuetan… lehenesten delako.

 

2/ Elhuyar hiztegian “cumpleaños” sarrera kontsultatzen baduzu, hainbat aukera ematen dizkizula ikusiko duzu:


s.m. urtebetetze, urtemuga, egun, urteak


Eta adibide argigarri bat eskaintzen digu:

 

hoy es mi cumpleaños: gaur da nire eguna; gaur dira nire urteak

 

3/ Hona hemen esaldia beste zenbait modutan emanda:

·         Gaur nire eguna da (Gaur hire eguna denez, biok eskainiko diagu urtebetetze opari eder bat”, Onan, Aitor Arana)

·         Gaur nire urtebetetzea da (Edo, beste ikuspuntu batetik, zergatik ospatzen dugu gure urtebetetzea?”, XX. mendearen argi-itzalak, Pello Salaburu)

·         Gaur nire urtebetetze eguna da. (Noiz da Gilderoy Lockharten urtebetetze-eguna, eta zein izango litzateke opari egokiena berarentzat?”, Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren)

·         Gaur nire urtemuga da (“Pentsatu dut ederto legokeela zer edo zer berezia antolatzea Joseluren urtemugarako”, Odolbildua, Josu Landa)

·         Gaur urteak betetzen ditut (Urteak betetzen zituen mutila bere laguna engainatu nahian zebilen, zer opari egingo zion esanarazi nahi baitzion”, Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, Raymond Carver / Koro Navarro)

·         ...

Jaioteguna, sorteguna, urteberria, urtebetegun, urtegun, urtekunplitze, urteurrena...: horien guztien adibideak ere aurkitu ditugu literaturan; batzuk Ipar Euskal Herrikoak dira, baten bat erronkarieraz esaten bide zen, gehienak beste kontzeptu batzuetarako ere erabiltzen direnez ez dira inoiz asko zabalduko...