Galdera

 

“[…] ea zure laguntza eskainiko zenieken” zehar galdera: zuzena da?


Data: 2017/01/20



Erantzuna


Ez: zeniekeEN behar du.

 

 

1/ Adizkia ‘-ke’ atzizkiarekin amaitzen bada, honela egin behar dira loturak erlatiboetan, zehar galderetan eta konpletiboetan:

 

 

+ ‘-ela’ / ‘-en’

Adibidez

-ke

-KEELA

-KEEN

zeniekeela, dezakeela, diezazukeela, litzatekeela…

zeniekeen, dezakeen, diezazukeen, litzatekeen…

 

 

2/ Aspaldi arautu zuen aditz laguntzaileen sistema Euskaltzaindiak (1973an, hain zuzen ere); eta, horrekin batera, bestelako zertzelada txiki batzuk: adibidez, nola jokatu ‘-ke + -en/-ela’ loturetan.

 

Gerora ere, 1997an, 78. araua argitaratu zuen (“Aditz laguntzaile batua”) behin betiko finkatzeko zer-nolako formak izan behar dituzten aditz laguntzaileak euskara estandarrean, eta bertan, 6. orrialdean, hots aldaketa horietaz ohartarazten gaitu. Merezi du irakurtzea!

 

 

3/ Gure ikasle batzuengan hauteman dugun akats batez ohartarazi nahi zaitugu:

 

Batzuek uste dute -TEKE eta -KETE amaierak dituzten adizkiekin modu berean jokatu behar dela. Baina ez: ‘-te’ amaierakoetan, ez da beste ‘-e-’ bat jartzen:

 

 

+ ‘-ela’ / ‘-en’

Adibidez

-te

-TELA

-TEN

zenieketela, dezaketela, diezazuketela, luketela…

zenieketen, dezaketen, diezazuketen, luketen…

 

Beraz, ez dira zuzenak honako hauek: zenieketeela, dezaketeela, diezazuketeela, luketeela…, zenieketeen, dezaketeen, diezazuketeen, luketeen