Galdera

 

“Haur Hezkuntzako irakasle izanik, garrantzia handia ematen diot […]”: zuzena da?


Data: 2017/01/20



Erantzuna

 

Ez. Honela behar du:

 

Haur Hezkuntzako irakasle(a) izanik, garrantzi handia ematen diot […]”

 

1/ Bi kontu daude esaldi horretan artikuluari dagokionez: irakasle edo irakaslea?, eta garrantzi edo garrantzia? Eta oso desberdinak dira biak.

 

2/ irakasle edo irakaslea?

Biak dira zuzenak kasu honetan.

Azalpena, behin hala egin ziguten beste kontsulta bat argitzeko erantzun honetan daukazu (batez ere, 2/ puntuan azaltzen dugu).

 

3/ Euskaraz, orokorrean, behin bakarrik jartzen da artikulua (mugatzailea) sintagma bakoitzean:

·         garrantzi handia, eta ez garrantzia handia

·         ohe zabalak, eta ez oheak zabalak

Beraz, jakin behar dugu hitz batek noiz duen -a itsatsia eta noiz ez, zuzen jokatzeko:

·         garrantzi handia, baina energia handia

·         energia handia, baina energia berriztagarriak


Oharra: Zenbait hizkeratan, bi aldiz ageri litezke mugatzaileak sintagma beraren barruan, baina inoiz ez bi aldiz artikuluak:

·         “Honeek mutilok ez dakite berba egiten oraindino”

·         “Hori gizajori kalean bizi da”

 

4/ Gertatu daiteke inoiz “oheak zabalak” hurrenkera?

Bai, baina bakoitza sintagma batean badago; ez sintagma berean, esan bezala.


“Ohe zabalak nahi ditugu” ← “Zer nahi dugu?” / “Zein ohe nahi ditugu?”

 Baina

“Oheak(,) zabalak nahi ditugu” ← “Oheak(,) nolakoak nahi ditugu?”


Erraz ikusten da bi sintagma daudela aurreko adibidean (eta ez bat), galdera inplizitua bera beste hurrenkera batean formulatu daitekeen bezala esaldia (erantzuna) ere hurrenkera horrekintxe formulatu baitaiteke:


“Zabalak nahi ditugu oheak” ← “Nolakoak nahi ditugu oheak?”