Galdera

 

eta abar”: zer laburdura dagokio?


Data: 2017/01/20



Erantzuna

 

etab.’, puntu eta guzti.

 

1/ Dakigunez, zerrenda bat ez dela amaitu adierazten du “eta abar” esapideak. Jakina, eten puntuak ere erabili daitezke gauza bera adierazteko:


·         Argazkiak, poemak, testuak eta abar biltzen ditu liburuak, eta 6 euroan egongo da salgai erakusketetan.

·         Argazkiak, poemak, testuak… biltzen ditu liburuak, eta 6 euroan egongo da salgai erakusketetan.

 

2/ Hartu kontuan “eta abar” esapidea deklinatzea dela dotoreena, mugagabean: eta abarretan, eta abarri, eta abarren…


·         Desberdintasunak, teknologia berrietan, telekomunikazioetan eta abarretan ere islatzen dira, eta, beste alorretan bezala, hemen ere elkarlanean aritzea da garrantzitsuena.

·         Preso politikook ez dugu orain torturarik jasaten, baina presook, oro har, jipoiei, botika ezari, drogei, osasun arazoei, espazio ezari eta abarri egin behar diogu aurre.

(Literaturan, gutxi badira ere, deklinatu gabeko adibideak ere aurkitu litezke)

 

3/ Esapidea laburduran eman nahi baduzu, bi aukera dituzu: ‘etab.’ eta ‘etc.’. Bigarrena, jakina, ‘et cetera’ latinezkoari dagokio, eta beraz nolabaiteko kultismoa da, euskaraz bezala beste hainbat hizkuntzatan (ingelesez, frantsesez, alemanez…) erabiltzen dena.

Laburdurekin nola jokatu jakiteko, Ortotipografia EIMAren liburukira jo dezakezu (37.-39. or.). Esaterako, bertan esaten da, besteak beste, puntu eta guzti idazten direla, letra arruntez idazten direla, eta testu arruntetan gutxi erabili behar direla.

Ez zaie kasu markarik erantsi behar (ez dira deklinatzen); beraz, NOR kasuan izan ezik, ez da komeni erabiltzea:


(Gaizki) Hitzaldi, mahai-inguru, erakusketa etab.-en izenak kakotx artean idazten dira. 

(Zuzen) Hitzaldi, mahai-inguru, erakusketa eta abarren izenak kakotx artean idazten dira.  

 

4/ Beste esapide hau ere erabili dezakezu “eta abar” delakoaren sinonimo modura: ‘eta beste’.

Eta zerrenda amaitzeko asko falta badira, ‘eta beste asko’, ‘eta beste hainbat’ esapideak ere bai. Eta kontuz!: Berriaren estilo liburuak ohartarazten gaituenez, ez erabili 'eta abar luze bat' (gaztelaniazko ‘y un largo etcétera’ren kalko okerra da); indar berezia emateko, 'eta abar, eta abar' idatzi.

·         Dagoeneko betiko arazoetara bueltatu gara: atzeraldia, moteltzea, finantza merkatuen goibelaldi orokorra, langabeziaren areagotzea, inflazioa, eta abar eta abar. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)

·         Urteak heramatzan esanaz bergizarteratua hengoela, gerra kontuak gazte kontuak zirela, bortizkeria ez zela bidea eta abar eta abar. (Bizia lo, Jokin Muñoz)