Galdera

 

Absolutiboaren mugagabea dugunean (NOR kasua), nola esan behar diogu kasu markari: “kasu marka zero” ala “zero kasu marka”?


Data: 2017/01/20



Erantzuna

 

zero kasu marka

 

1/ Kontsultan diozun bezala, hainbestetan entzun duzun “kasu marka zero” hurrenkera ez da zuzena sintagma modura (zero kasu marka behar du). Zuzena da noski honelako testuinguru batean: “Absolutiboaren kasu marka zero da”, baina bi sintagma daude esaldi horretan (‘kasu marka’ eta ‘zero’, beste hurrenkera honetan emanda ikusten den bezala: “Zero da absolutiboaren kasu marka”).

 

2/ Absolutiboa (‘NOR kasua’ nahiago izaten dugu guk, euskaldun alfabetatu guztiek ulertzeko moduko zerbait erabiltzearren), beraz, kasu ez markatua da, edo bestela esanda, zero kasu marka duena, zuk diozun bezala. Testu teknikoetan ‘Ø’ sinboloa erabiltzen denez, esan dezakegu euskaraz Ø dela NOR kasuaren marka.

 

3/ Konturatuko zarenez, orain arte aipatu ere ez dugu egin mugagabea; baina, zure kontsultan propio aipatzen duzunez, helduko diogu kontu horri.

Ø da NOR kasuaren marka, izen sintagma mugagabea zein mugatua izan:


·         Mugagabea: ez dago mugatzailerik, eta ez kasu markarik ere:

zenbait emakume + Ø = zenbait emakume


·         Mugatua: mugatzailea badago, baina ez kasu markarik:

emakume + -a + Ø = emakumea

emakume + -ak + Ø = emakumeak


·         Izenordain pertsonalen eta izen berezien kasuan, ez da mugatzailerik jartzen, eta, beraz, izen sintagma mugagabeekin bezala jokatu behar da haiekin:

zu + Ø = zu (“zu hain kezkatuta zauzkan misterioa […]”)

Mikel + Ø = Mikel (“Anek fereka batekin agurtu zuen Mikel […]”)