Galdera

 

Jakin+arazi: nola erabili?

 

Data: 2017/01/20



Erantzuna

 

Dena batera idatzi behar da: jakinarazi.  Normalean, NOR-NORI-NORK sailekoa da.

 

1/ Euskaltzaindiak, bere 23. arauan (“Arazi”), erakusten digu nola osatu aditz arazleak:


·         arazi eransten zaie aditzei, eta ez erazi, azo, arazo… eta bestelako aldaerak: jakinarazi, eta ez jakinerazi, jakinazo, jakinarazo…; salbuespen bat baino ez dago: adierazi.

·         Lotuta idazten da beti: jakinarazi, eta ez jakin arazi; apurrarazi, eta ez apurtu arazi.

·         Aditz arazle batzuk eratzeko, aldaketa fonetiko batzuk egon litezke: ohartarazi, kasurako; edo aldarazi, eta ez aldaarazi.  Aditzen batuko formak zein diren kontsultatzeko, behin hala egin ziguten zalantza argitzeko prestatu genuen erantzun honetan duzu zerrenda bat: http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/275

 

2/ Aditz arazleak arazotsuak dira. Hala, Euskaltzaindiak 43. araua (“Arazi aditzaren erregimena”) argitaratu zuen aditz arazleekin nola jokatu finkatzeko.

Jakinaraziren kasuan, ohikoena da hiru argumentu hauek egotea, eta beraz NOR-NORI-NORK saileko aditz laguntzaileekin jokatzea:

NORBAITEK / NORBAITI / ZERBAIT (jakinarazi)

Adibidez:


Pena handiz jakinarazten dizuegu

(guk)

ikastetxeko familia guztioi

datorren urtean ez dela egongo mendi talderik.

 

nork

nori

zer

 

Ikusten duzunez, jakin aditza NOR-NORK sailekoa delarik, NOR-NORI-NORK sailekoa da jakinarazi.

Era berean, irakurri aditza NOR-NORK sailekoa izanik, NOR-NORI-NORK sailekoa da irakurrarazi:


Iñakik

arrebaren azken artikulua

irakurrarazi zien

lankide guztiei.

nork

zer

 

nori

 

Kontrara, etorri aditza NOR sailekoa denez, NOR- NORK sailekoa da etorrarazi aditza:


Iñakik

lehenbailehen etorrarazi zituen

lankide guztiak,

klaustroa garaiz hasteko.

nork

 

nor

 

 

 

3/ Jakina, argumentu horietako bat faltako da zenbait kasutan:


·         Pena handiz jakinarazten dugu datorren urtean ez dela egongo mendi talderik. [ez da zehazten nori]

·         Pena handiz jakinarazten zaizue ikastetxeko familia guztioi datorren urtean ez dela egongo mendi talderik. [ez da zehazten nork]

·         Jakinarazten da datorren urtean ez dela egongo mendi talderik. [ez da zehazten ez nork, eta ez nori ere]


Gure aholkua izaten da, ordea, estilo inpertsonalarekin tentuz ibiltzea (gaztelaniaz gero eta joera handiagoa dago egitura inpertsonalak baliatzeko, zoritxarrez): guk nahiago izaten dugu, naturaltasunaren, hurbiltasunaren eta erantzukizuna norberak hartzearen izenean –mezuaren hartzaileak eskola komunitateko partaideak direnean batez ere–, agerian uztea nork idazten duen (klaustroak, guk, idazkariak, nik…) eta nori idazten zaion (gurasooi, ikasleoi, zuei, ikuskariari, zuri…).

 

4/ Jakinaraziren sinonimoak dira, besteak beste: “zerbaiten berri eman” eta “zerbaiten jakitun egin”; baita komunikatu eta adierazi aditzak ere, testuinguru batzuetan.

·         Gaur jakinaraziko/komunikatuko/adieraziko digute bozketaren emaitza.

·         Gaur emango digute bozketaren emaitzaren berri.

·         Gaur egingo gaituzte bozketaren emaitzaren jakitun.