Galdera

 

Ezker eskua / eskuma eskua / ezker oina / eskuma oina: zuzenak dira?

 

Data: 2017/01/31



Erantzuna

 

Gure aholkua: erabili itzazu ezkerreko eskua / eskumako eskua / ezkerreko oina / eskumako oina.

 

1/ Ezker eskua, ezkerreko eskua, esku ezkerra: hiru aukera horiek dituzu eskuari erreferentzia egiteko.

Ezker oina edo ezkerreko oina: biak erabiltzen dira oinaren kasuan (oin ezkerra ez dugu inoiz entzun ez irakurri).

 

2/ Ezker da euskalki guztietan forma bakarra; beste aldea izendatzeko, berriz, hainbat aukera dituzu: eskuin, gehien erabilia; eskuma (bizkaieraz); eskoa (bizkaieraz); eta eskubi (gipuzkeraz, esaterako; Euskaltzaindiak ez du gomendatzen erabiltzea euskara estandarrean). Bakoitzak, gainera, hainbat aldaera fonetiko ditu!

Bizkaitik idatzi diguzunez, ez dugu traba handirik ikusten zuk proposatutakoa (eskuma) erabiltzeko. Guk, EH osorako idazten dugularik, forma zabalduena aukeratzeko joera daukagu: esaterako, eskolako eskuliburu batean, eskuin erabiliko genuke.



3/ Eskuin eskua, (eskumako/eskoako/eskubiko) eskuineko eskua, esku eskuina edo eskuina (izenik gabe): aukera horiek guztiak dituzu eskuari erreferentzia egiteko.

Aurrekoan bezala, oinaren kasuan, aukera hauek dituzu: eskuin oina edo (eskumako/eskoako/eskubiko) eskuineko oina.

 

4/ Lau kasuetan, molde bera erabili behar duzu: ez da batere dotorea nahastea. Eta gure ustez, ‘-(e)ko’ atzizkidun formak dira zabalduenak:

·         Ezkerreko eskua/oina

·         Eskuineko/eskumako/eskoako/eskubiko eskua/oina