Galdera

 

[…] eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza eman izanagatik”: zuzena da?


Data: 2017/02/01



Erantzuna

 

Zuzenagoa da hau: […] eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza emateagatik”:

 

 

1/ Aditzaren aspektua, perpaus jokatugabeetan ere, bereizi daiteke morfologiaren aldetik:


 

Ez burutua

Burutua

etortzea / aldatzea / ekartzea…

etorri izana / aldatu izana / ekarri izana…

70 lagun inguru bildu gara dagoeneko eta gehiago etortzea espero dugu.

Hala ere, ez zait damutzen Realera etorri izana.

Alkateak argi utzi du Sindikatua ez dagoela ados Erronkariko Gaztaren jatorri izena aldatzearekin.

Goia alkateak jarrera aldatu izanarekin pozik agertu da Jaka koalizioko zinegotzia.

Bihar mintzaldia izango da Arrigorriagan, migratzaile siriarrak Euskal Herrira ekartzeari buruz.

Enpresa hark urtebete eskasean bukatu zituen lanak, tunelak zulatzen oso trebeak ziren milatik gora pikatzaile Piemontetik ekarri izanari esker.

 

Gure ustez, beti erabili daitezke horrelakoetan lehen zutabeko formak (baita bigarren zutabeko adibideetan ere), eta hala gertatzen da zenbait hizkeratan, askotan baliokide izaten baitira praktikan:


Pozten nau zu ezagutzeak ~ Pozten nau zu ezagutu izanak

 

 

2/ Dena dela, ez da komeni bereizketa egitea zenbait kasutan. Hala, ZERGATIK kasuan, ‘-tzeagatik’ atzizkia erabiltzen da beti, aspektua ez-burutua zein burutua izan: partizipioari ‘-agatik’ atzizkia erantsita, perpaus kontzesiboak osatzen ditugu.

 

Errieta egin zidan atzo pilota erraz asko galdu nituelako partidan = Errieta egin zidan atzo partidan pilota erraz asko galtzeagatik (Errieta egin zidan atzo partidan pilota erraz asko galdu izanagatik)

 

Logikak diosku aspektu burutua behar lukeela, atzoko gertakizuna izanik, baina –esan bezala– neutralizatu egiten da ZERGATIK kasuan.

 

Era berean, zure adibidean:

 

Eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza eman ziotelako = Eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza emateagatik

 

3/ Beraz, erabili ezazu [partizipioa + ‘-agatik’] egitura perpaus kontzesiboak osatzeko:


·         Carod-Roviraren alde agertu diren gehienek, ETArekin hitz egitea zilegi dela esanagatik, negoziatzea beste kontu bat litzatekeela zehaztu dute = […],ETArekin hitz egitea zilegi dela esaten badute ere, […] = […], nahiz eta esan ETArekin hitz egitea zilegi dela, […] = […],ETArekin hitz egitea zilegi dela esan arren, […]


·         Polik bizibide hura maite zuen, beti arriskuan bizi izanagatik = Polik bizibide hura maite zuen, nahiz eta beti arriskuan bizi izan.


·         Ehiza debekatu izanagatik (ere), batzuk tiroka aritzen dira oraindik.

 

 

4/ Zure zalantza argitzeko, baliabide hauetara jo dugu:


·         Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak – VII (Perpaus jokatugabeak) liburua (150.-153. orrialdeak)

·         EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (208. orrialdea)

·         Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta zerbitzua: zure moduan beste askok izango du zalantza bera!

Oharra: Jokabide zuzen horren aurkako adibideak (izanagatik kausa balioarekin erabilita, hain zuzen ere) erruz aurkitu daitezke hainbat testutan. Esteka honetan dituzu adibide batzuk.

 

5/ Esaldia testu honetan aurkitu duzula jakinarazi diguzu:


«Lehenengo igela dortokaren gainetik jaitsi zen, ondoren sugandila igelaren gainetik eta azkenean inurria sugandilaren gainetik. Inurriek esan zioten handik aurrera lagunen ondoan, urrundu gabe, ibiltzea komeni zitzaiola, gal ez zedin; jarraian animaliei -dortoka, igela eta sugandilari- eskerrak eman zizkieten inurriari laguntza eman izanagatik.»

 

Hitzen ordena eta puntuazioa nabarmen hobetu daitezkeela uste dugunez, berridatzi egin dizugu testu osoa. Honela emango genuke guk:

«Lehenengo, igela jaitsi zen dortokaren gainetik; ondoren, sugandila igelaren gainetik; eta azkenean, inurritxoa sugandilaren gainetik. Gainerako inurriek esan zioten inurritxoari handik aurrera lagunen ondoan ibiltzea komeni zitzaiola, urrundu gabe, gal ez zedin; gero, beste animaliei –dortokari, igelari eta sugandilari– eskerrak eman zizkieten inurritxoari laguntza emateagatik.»