Galdera

 

Kaldereroz jantzita”: zuzena da?


Data: 2017/02/01



Erantzuna

 

Erabili ezazu “kalderero jantzita”, ZEREZ kasuaren markarik gabe.

 

1/ Asko zabaldu dira “kaldereroZ jantzita” eta “kaldereroZ mozorrotuta” joskerak, baina guk nahiago dugu tradizioari eutsi: “kalderero jantzita (kaldereroØ jantzita)”.

 

2/ Behin hala, antzeko galdera bat egin ziguten, eta esteka honetan duzu gure erantzuna. Baliteke han esandakoekin argiago geratzea auzi hau (“antzeko galdera” diogu, baina kasu hartan mozorrotu aditza zen auzia).


Funtsean, honakoak esaten genituen:


a)      Kalderero jantzita esaten dugu gehienok eta ez kaldereroz jantzita (asko zabaldu da esamolde hori, seguruenik erdararen kalkoa eginda).

b)      Mozorrotu aditza bera bakarrik erabili da tradizioan (“mozorrotu da”, baina ez “kalderero mozorrotu da” eta are gutxiago “kaldereroz mozorrotu da”).


Beraz, guretzat guztiz normalak lirateke hauek entzutea edo irakurtzea:


• ‘Dakizuenez, datorren astean kalderero jantzita irtengo gara herrian kalejira egitera’

• ‘Dakizuenez, datorren astean kalderero arropekin jantzita/mozorrotuta irtengo gara herrian kalejira egitera’


Eta, jakina!: zingara jantzita, inude jantzita

 

3/ Horixe dio tradizioak, eta uste dugu ahal den neurrian eutsi egin behar diogula. Dena dela, batzuetan erabilerak asko aldatzen dira, eta horrek ekartzen du lehen zuzentzat hartzen ez zena gero zuzentzat hartzea, erabileraren presioaren poderioz. Ikusiko dugu zer gertatzen den kontu hauekin etorkizunean.