Galdera

 

“Idatzi egin du egunkarian, adierazteko bere esker ona”: onargarria da hitzen ordena hori?


Data: 2017/02/01



Erantzuna

 

Gure ustez, ez. Mendeko perpausean, “bere esker ona adierazteko” da idatzian onartzekoa. Esaldia, oro har, bitxia da. Kasu berezi-berezi bakanetan izango litzateke zuzena.

 

1/ Honako esaldi hauek helarazi dizkiguzu kontsultan:

·         “Idatzi egin du egunkarian, adierazteko bere esker ona”

·         “Eseri egin da, eskatzeko menua zerbitzariari”

·         “Eramango du autoz, hartzeko hegazkina garaiz”

Hirurak daukate antzeko egitura; hori dela eta aukeratu dugu haietako bat bakarrik kontsulta aurkezteko.

 

2/ Idatzian, noiz izango lirateke zuzenak hiru esaldietako perpaus nagusiak?


a/ “Idatzi egin du egunkarian” eta “Eseri egin da”

Labur adieraztearren, aditza bera denean galdegai; hau da, galdera (inplizitu) hauei erantzun nahi diegunean:

·         “Idatzi egin du egunkarian” ← “Zer egin du (egunkarian)?”

·         “Eseri egin da” “Zer egin du?”


b/ “Eramango du autoz”

Labur adieraztearren: horrelakoak, guk bultzatzen dugun ereduan, galdegaia baiezkotasuna denean dira zuzenak idatzian; hau da, galdera (inplizitu) honi erantzun nahi diogunean:

·         “(Bai,) Eramango du autoz” “Eramango du autoz?”

Kontrara, galdera inplizitua “Nola eramango du?” balitz, erantzunak –idatzian– galdera horren ordenaren ispilu izan behar luke: “Autoz eramango du”.

 

3/ Hizkuntza idatzia ahozkoaren idealizazioa bat da. Ahozkoan, baliabide ugari erabili ditzakegu galdegaia eta beste markatzeko: intonazioa, batez ere (baina baita hitzez bestekoak ere makulu izan litezke: keinuak-eta). Idatzian, berriz, tipografia berezia erabili ezean, ez dago modurik galdegaia zein den markatzeko, eta, beraz, nolabaiteko arau baten premian gaude, beste hizkuntzetan bezala.

Gaztelaniaz, esaterako, galdegaia aditzaren ostean ematen da normalean, eta horixe espero du irakurle arruntak:

·         ¿A quién mató Caín? Caín mató a Abel

·         ¿Quién mató a Abel? → A Abel lo mató Caín

Era berean, komeni da euskaraz ere ordena estandar bat lehenestea, euskararen beraren tipologiari dagokiona, irakurleok esaldia modu batean interpretatzeko. Bestela esanda: idatzian, komeni zaigu –salbuespenak salbuespen (aditz deklaratiboekin, esaterako)– aditzaren aurrean jartzea galdegai den elementua. Arau horixe bultzatzen dugu idatzirako.

Esaterako, eman dezagun esaldi hau esaten dugula:

·         Datorren astean joango naiz Londresera.

Ahoz, zer-nolako intonazioa erabiltzen dugun, galdegaia “datorren astean” zein “Londresera” izan liteke: a/ kasuan, Londresera; b/ kasuan, berriz, datorren astean:

Idatzian, ez daukagu intonazioa baliatzerik. Nola bermatuko dugu orduan irakurleak guk nahi dugun eran ulertuko duela mezua, beti modu berean jokatuta ala asistematikoki? Gure ustez, dotoreena da arau moduko bat ezartzea, gaztelaniaz bezala, baina kontrara: galdegaia, aditzaren aurrean.

Hala, ahozkoan


modukoak guztiz onargarriak (intonazio egokia aplikatuta guztiz ulergarriak direlako) badira ere, idatzizkoan (gogoratu: ahozkoaren idealizazioa da!) sistematikoki aldatu behar genituzke honetara:


Datorren astean (,) Londresera joango naiz.

 

4/ Idatzian, noiz izango lirateke zuzenak hiru esaldietako perpaus menpekoak?


·         Idatzi egin du egunkarian, adierazteko bere esker ona”

·         Eseri egin da, eskatzeko menua zerbitzariari”

·         Eramango du autoz, hartzeko hegazkina garaiz”

Gure ustez, horietan ere arau moduko bat ezarri beharko litzateke; are hertsiagoa agian, ahozkoan ere nekez entzuten baitira horrelakoak: menpekoak badira ere, badaukate barnean nolabaiteko galdegaia, eta horixe jarri beharko genuke aditz jokatugabearen aurrean:


·         adierazteko bere esker ona bere esker ona adierazteko

·         eskatzeko menua zerbitzariari menua eskatzeko zerbitzariari zerbitzariari menua eskatzeko

·         hartzeko hegazkina garaiz garaiz hartzeko hegazkina hegazkina garaiz hartzeko

 

Baina…


·         Idatzi egin du egunkarian, adierazteko guztiz eskertuta dagoela”

·         Eseri egin da, eskatzeko ekarri dezala menua”

·         Eramango dut autoz, kontuan hartu dezan ni ere prest nagoela mesedeak egiteko”

 

5/ Amaitzeko:


Hartu dezagun zure lehen esaldia, baina perpaus nagusian aditza bere lekuan kokatuta: “Idatzi egin du egunkarian, bere esker ona adierazteko”.


Noiz izango litzateke zuzena? Galdera inplizitua hauetako bat balitz:

·         “Zer egin du (egunkarian)(,) bere esker ona adierazteko?”

·         “Zer egin du (egunkarian), eta zertarako?


Beraz, galdera inplizitua “Zertarako idatzi du egunkarian?” balitz, oso bestela jokatu beharko zenuke esaldia josteko:

·         “Bere esker ona adierazteko idatzi du egunkarian”

 

Era berean,

·         “Zerbitzariari menua eskatzeko eseri da”

·         “Hegazkina garaiz hartzeko eramango du autoz”