Galdera

 

Examen de recuperación”: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/02/16



Erantzuna

 

Errekuperazio (-) azterketa (marratxoa, aukerakoa)

 

1/ Gure ustez, errekuperazio (azterketa) eta berreskurapen (azterketa) erabili ohi dira gure ikastetxeetan. Guk, bietatik, errekuperazio (azterketa) dugu nahiago; izan ere, bi hiztegi hauetan ere aurkitu dugu:


a.       Elhuyar:

Recuperación

4  s.f. (Enseñ.) errekuperazio (Heg.)

no he aprobado la recuperación de matemáticas: ez dut matematika-errekuperazioa gainditu

 

b.      Hezkuntzako Hiztegia (Nafarroako EIBZk –IRALEren pareko erakundea– paratua):


Gaia: Hezkuntza eus - errekuperazio
cas - recuperación

Gaia: Hezkuntza eus - errekuperazio jarduera
cas - actividad de recuperación

 

Ikusten duzunez, Elhuyar hiztegian (Heg.) etiketarekin dator errekuperazio berba. Nola erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan rattrapage kontsultatu, eta hauek aurkitu ditugu:

rattrapage scolaire = heineratze klaseak

suivre des cours de rattrapage = heineratzeko klaseak segitu

épreuve de rattrapage = bigarren aukerako azterketa

session de rattrapage = bigarren aukerako azterketa

 

Oso argia da bigarren aukerako azterketa hori, denok ulertzeko modukoa, eta ezer mailegatu gabe euskararen beraren baliabideekin eraikia, baina nork erabiltzen du gure artean? Horrelakoetan, askoz ere inportanteagoa da zer erabiltzen den nagusiki gure ofizioko hizkeran.

 

 

2/ Egunkarietan, ETBn, literatura liburuetan, ez dute arazorik izan errekuperazio erabiltzeko:


·         Errekuperazioak: Errekuperazio azterketak itzuli egiten dira. (Berria, 2004-03-31)

·         Egindako moldaketak begi txarrez hartu dituzte ikasleek: aldatu egin du egutegia, eta errekuperazio azterketa kendu. (Berria, 2011-04-15)

·         Errekuperazio azterketak dauzkate datozen egunetan. (Berria, 2012-06-16)

·         Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, uztailean bertan egiten dituzte errekuperazio azterketak; hori dela-eta, ikasle hauen udako ikasketa aroa goiz bukatzen da. (Goienkaria, 2003-07-11)

·         Lies ere onartuta dago hurrengo ikasturterako, baina errekuperazio azterketa gogor bat egin beharko du geometrian. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / itzul.: Josu Zabaleta)

·         Uda guztia harategian pasatuagatik, zoragarri gainditu zituen errekuperazio azterketak, zazpi bat ateraz suspendituak zituen irakasgaietako bakoitzean: latinean, grekoan eta ingelesean. (Adiskide paregabea, Elena Ferrante / itzul.:Fernando Rey)


Goenkale telesaileko gidoietan:


·         ANE.- Espero dut lanarekin egin duzun ahalegin bera egitea errekuperazio azterketarako ere..

·         [ANEk, bitartean, orria hartu eta begiratu egiten du: aste honetan jartzera doan errekuperazio-azterketa da...]

·         GANIX.- Ez zenuke ba, errekuperazio azterketarekin buruhauste handirik izan behar…

·         KOLDO.- Ikasturtea, jakina! Izan ere... (MAIALENi, maltzur) Aizu, Maialen, noiz duzu errekuperazio azterketa? Zugandik urrun ibiltzeko galdetzen dizut, badaezpada ere...