Galdera

 

“Etxearen barruan/barnean” zuzena da; baina “etxe barruan/barnean”?


Data: 2017/02/16



Erantzuna

 

Bai, guztiz zuzena da.

 

1/ Atze, aurre, azpi, gain, oste, ondo, goi, aitzin, gibel, alde, pare… eta barru/barne izenekin, postposizio berezi batzuk eraiki daitezke euskaraz:

·         NON, NORA eta NONDIK kasuen markak hartu ditzakete postposizioek berek: liburutegiaren aldamenean, liburutegiaren aldamenera, liburutegiaren aldamenetik...

·         Aurreko izen sintagmak NOREN kasuaren marka edo Ø marka hartzen du (bizidunetan, NOREN kasuaren marka ezinbestean): mahaiaren gainean eta mahai gainean; zure gainean baina ez zu gainean.

 

2/ Funtsean, berdin-berdin erabili daitezke mahaiaren gainean zein mahai gainean,

a.       erreferente zehatza:

Eskutitzak mahaiaren gainean utzi dizkizut = Eskutitzak mahai gainean utzi dizkizut

(solaskideek badakite zein mahairen gainean ari diren)

b.      nahiz zehaztugabea izan:

Kartak mahaiaren gainean daude, beraz, eta ez du balio beste aldera begiratzea =

Kartak mahai gainean daude, beraz, eta ez du balio beste aldera begiratzea

            (ez dago mahai jakinik, esapidea delarik)

 

Mahai gainean, erreka alboan, etxe barruan, esku artean… hitz elkartuak dira; batzuk lexikalizatu ere egin dira, eta batera idazten: nazioarteko, jendaurrean, prentsaurreko

 

3/ Horrelakoetan, lehen izena beste elementu batekin mugatu, eta ezinezko bihurtzen du hitz elkarketa.

Beraz, beste hitz elkartu hauekin gertatzen den bezala


·         mende hasiera → XX. mendearen hasiera (XX. mende hasiera)

·         Fisika azterketa → Fisika Nuklearreko azterketa (Fisika Nuklear azterketa)


esku artean ditugun postposizioekin mugak daude:


·         etxe barruan / etxearen barruan → Anartzen etxearen barruan (Anartzen etxe barruan)

·         begi aurrean / begien aurrean → begi polit horien aurrean (begi polit horiek aurrean)

·         eliza parean /elizaren parean→ Arrankudiagako elizaren parean (Arrankudiagako eliza parean)

·         erreka alboan /errekaren alboan → Eztanda errekaren alboan (Eztanda erreka alboan)

·         mahai azpian / mahaiaren azpian → zure mahaiaren azpian (zure mahai azpian)

 

4/ Kontsultan, beste hiru sintagma hauen zuzentasunez galdetu diguzu: hitzaldiaren barruan, prezioaren barruan eta proiektuaren barruan.


Jakina, hirurak dira zuzenak. Testuinguru hauetan, esaterako:


·         Hitzaldiaren barruan, Legebiltzarreko lehendakariak adierazi du euskararen ikerkuntza, ikaskuntza eta irakaskuntzak zientziaren norabideari jarraitu behar diola. (Eusko Legebiltzarra)

·         Ez da oparia; prezioaren barruan dago hori. (Txoria, Oh Jung-hi / itzul.: Juan Kruz Igerabide)

·         Proiektuaren barnean, ondorengo baliabideak dituzu eskura. (EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburuko adibidea)