Galdera

 

Ondo itzulita daude departamentu hauen izenak? 

·         Departamento de Orientación profesional (Lanbide Orientazio Departamentua)

·         Mediador de aprendizaje (Ikaskuntza bitartekaria)

·         Departamento de calidad (Kalitate departamentua)

 

Data: 2017/02/21



Erantzuna

 

·         Departamento de Orientación Profesional (Lanbide-orientazioko departamentua)

·         Mediador de aprendizaje (Ikaskuntza-bitartekaritza)

·         Departamento de calidad (Kalitate-departamentua)

 

1/ Lanbide Orientazio Departamentua ez da zuzena, euskaraz nekez egiten direlako hiru hitzeko berrelkarketak. Euskaltzaindiak dioenez, kasu hauetan baino ez dira gertatzen (http://www.euskaltzaindia.eus/dok/arauak/Araua_0025.pdf):


3.1. Mugatzailea euskal, erdal, frantses,... dutenak: euskal musika-taldea, euskal kultur mintegia, euskal liburu-sorta, erdal joskera-moldea, frantses lege-araudia.

3.2. Aposizioak. Inon baino sarriago ageri dira hemen, agian, berrelkarteak: Elai Alai dantza-taldea, Ama Lur filmea, Joanak Joan eleberria, Urola-Kosta eskualdea, Bilb(a)o- -Behobia autobidea, Goiz-Argi aldizkaria.

3.3. Mugatzailearen koordinazio-hedapenak: emakume- eta haur-taldeak, ebazpen- eta jarraipen-batzordea, edari- eta izozki-saltzailea, galdera- eta harridura-markak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

3.4. Eguzki-lore gisakoen alorreko irizpen-, multzo-, zati- eta mota-elkarteak. Beste gehienek baino askatasun handixeagoa dute hauek honelako hedapenetarako: butano-saltzaile itxura, kafe erre usaina, zakar-biltzaile taldea, orein-haragi zatia, perpaus subordinatu motak.

3.5. Jarleku moduko hitz elkartuak ere sarritxo agertzen dira mugatzaile gisa: deklinabide atzizkia, geltoki-garbitzailea, aztergai-zerrenda, ikasliburu-saltzailea, logela-aldaketa.


Hortaz, Lanbide-orientazioko departamentua da aukera zuzena.


2/ Mediador de aprendizajeren kasuan, ez dakigu pertsona batez edo departamentu batez ari zaren. Departamentu bat bada, Ikaskuntza-bitartekaritza edo Ikaskuntza-bitartekaritzako departamentua dira egokienak. Pertsona batez ari bazina, aldiz, Ikaskuntza-bitartekaria izango litzateke egokiagoa.