Galdera

 

Enfócate hacia la innovación y la formación más profesional / Fokura zaitez berrikuntzarantz eta heziketa profesionalenean”: zuzen euskaratu dugu?

 

Data: 2017/02/21



Erantzuna

 

Erdarazkoa eta euskarazkoa aldatu beharko zenituzkete, gure ustez.

 

1/ Badakigu gero eta gehiago erabiltzen dela, baina oso bitxia da gaztelaniaz enfocarse bera subjektua biziduna denean, eta are bitxiagoa “enfocarse hacia”; oker egon gintezke, baina barruntatzen dugu ingelesezko “focus on” dagoela forma haren inflazioaren oinarrian.

Euskaraz, bestelako aditz edo itzulinguru batzuk erabili genitzake horren berri emateko: bideratu, bidean jarri, begira jarri

 

2/ Harritzekoa egiten zaigu “la formación más profesional” hori: zein da prestakuntzarik edo heziketarik profesionalena? Zergatik superlatibo erlatibo hori (handiena, politena, merkeena, bizkorrena…)? Zein da heziketa mota guztietan profesionalena?

Nahita jarri duzue, zilarrezko eta urrezko Q-ak eta ISO14001:2004 agiria dituzuelako? Argi utzi nahi duzuelako publizitatean inguruko beste ikastetxeek baino askoz ere gehiago eskaintzen duzuela? Hala balitz (eta zilegia iruditzen zaigu), orduan bai: superlatiboa erabili zenezakete.

 

3/ Fokuratu aditza teknikan bakarrik erabiliko genuke; Optika arloan, esaterako. Eta ez genuke onartuko NORANTZ kasua NON kasuarekin nahastea, zuen proposamenean egin duzuenez. Gorago esan bezala, beste hautu batzuk egingo genituzke:

·         Jar zaitez etengabeko berrikuntzari eta enplegura bideratutako heziketari begira

·         Jar zaitez etengabeko berrikuntzari eta enplegura bideratutako heziketarik onenari begira

·         Jar zaitez etengabeko berrikuntzaren eta enplegura bideratutako heziketaren bidean

·         Jar zaitez etengabeko berrikuntzaren eta enplegura bideratutako heziketarik onenaren bidean

·         Abia zaitez berrikuntzarantz eta enplegura bideratutako heziketarantz

·         Abia zaitez berrikuntzarantz eta enplegura bideratutako heziketarik onenerantz

·         Aukeratu ezazu gure ikastegia: aukeratu berrikuntzara eta enplegura bideratutako heziketa

·         Aukeratu ezazu gure ikastegia: aukeratu berrikuntzara eta enplegura bideratutako heziketarik onena