Galdera

 

"Ordua da, 2 urteko gelan gertatzen denaz ohartzea": zuzena da?


Data: 2017/03/06



Erantzuna

 

Ez: "Ordua da 2 urtekoen gelan gertatzen denaz ohartzeko" behar du izan.

 

1/ Euskaltzaindiaren Hiztegiak ordu(a) izan esapidea jasotzen du:


ordu(a) izan da/du ad. (Hirugarren pertsonan erabiltzen da). Garaia izan. Ordu da ikus dezagun zer egin zuten paristarrek. Eta ordu zen, egiazki, norbait nonbait higi zedin norabait. Badugu ordu, horretan pentsatzen hasteko. Zentzatzeko ordua dugu.

 

2/ “Ordua da…” esaten dugunean, [ZERTARAKO ordua] izaten dugu buruan; beraz, hiru aukera dituzu esaldia amaitzeko:


a/ Osagarria izen bat denean, ZERTARAKO kasuan:

·         Ordua da lotarako ---> Lotarako ordua da.


b/ Osagarria perpaus jokatugabea denean, ‘-TZEKO’ amaierakoa:

·         Ordua da gerran fusilatu eta errepresioa bortizki jasan zuten senideei halako omenaldia egiteko.

·         Ordua da etxetik kanpo irabazteko.

·         Ordua da ohartzeko gelan zer gertatzen den.


c/ Osagarria perpaus jokatua denean, subjuntibokoa eta ‘-N’ amaierakoa:

·         Ordua da atzoko egin beharreko lana amaitu dezazun.

·         Ordua da ohartu gaitezen zer gertatzen den gelan.

 

3/ ‘-TZEA’ amaierako perpaus osagarriak ez dira zuzenak.

 

4/ Erantzun laburrean, ohartuko zinenez, kendu egin dizugu koma. Perpaus osagarrietan, koma hori debekatuta dago (nahiz eta aurkitzen ditugun kontraetsenpluak lehengo idazleetan):

·         Argi eta garbi dago ez dagoela zeregin handirik kontu horretan.

·         Logikoa da horrela pentsatzen hastea.

·         Garaia da guda hori behingoz irabazteko.

·         Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz.

 

5/ Borroka galdua izango zaigun arren, ohartaraziko zaitugu:

“bi urteko gela” idatzi duzu, baina guk “bi urtekoen gela” dugu nahiago.