Galdera

 

Askoa (graduatzailea): erabili daiteke kutsu negatiboko adjektiboekin?


Data: 2017/03/22



Erantzuna

 

Bai.

 

1/ Hizkera batzuetan, askoa graduatzailea erabiltzen da adjektiboekin:


·         Gauza bitxi eta polit askoak argituko dizkio irakurleari.

·         Gazte eta jator askoa da, gainera!


Beste hizkera batzuetan, askia da aldaera:


·         Herriko bideetan barrena abiatuz gero, paisaia polit askiak ikusten dira.

·         Jende jator askia topatu nuen han.


Esapide horiek ondo eta ongi adberbioez baliaturik ematen dira euskalki batzuetan:


·         Honen bideo-pilotoa ikusgai dago sarean eta, neure usterako, ondo ederra da, eta hunkigarria.

·         Hona sagarrondo bat; ongi ederra, gainera.

 

2/ Esanahiaren aldetik ez dago mugarik: kutsu positiboko zein negatiboko adjektiboekin erabili daitezke aurreko puntuan aipatutako graduatzaile guztiak.

Hona han-hemenka aurkitu ditugun zenbait adibide askoa graduatzailedunak, prentsa idatzikoak, literaturakoak eta bestelako iturrietakoak


—On Camillo, gauza itsusi askoa egin duzu! Zoaz jende horren bila eta bataia ezazu ume hori. (On Camillo,  Giovannino Guareschi / itzul. Koldo Biguri)

Itsusi askoa izan da zure jokabidea. (Sareko Euskal Gramatika, EHU)

Datorren igandean, itsaso txar askoa beharko lukete euskal arraunlariek iraultza gauzatzeko, baina ona dago emanda. (Berria)

Musika dotorea egiten da zurarekin, zurezko tresnekin. Baita txar askoa ere. (Argia)

Auzoko dolaretik baserrirako bidea txar askoa zen, ordea, eta azkenerako, baserrian ormigoizko dolarea eraiki zuten. (Ahotsak bilduma)

Txar askoa, eta akatsez betea! (Gotzon Egia)

 

Eguraldi txar askoa egin zuen, baina parte hartzaileak ez ziren kikildu, eta kirolari ugari hurbildu ziren Urdaburu mendi elkarteak jarritako hitzordura, 56 partaide hain zuzen ere. (Diario Vasco)

 

Ezjakintasun dosi gogorra eduki edo zital askoa izan behar da Goulag-a 1976an Solzhenitsin irakurriz aurkitu izan dela adierazteko. (Daniel Bensaïd)

 

Suedia asko gerturatzen bada ukrainarren areara, aurrelari zital askoa edozer egiteko gauza da. (Aitor Manterola)

 

Orakulua irrigarri utzi, eta denboraldi kaskar askoa burutu zuen, ordea, Sandersek, lesioen aitzakia lagun. (Berria)

 

[…] kultura politiko kaskar askoa eta makina bat jenderengan zalantza aski hedatua  […] (Gara)

 

[…] gaur gure eskoletan dabilen euskal izeneko testuliburu asko eta asko ez da orijinal zelofanarekin bildutako itzulpena, sarri kaskar askoa (Anjel Lertxundi)

 

[…] horrek, hitz zatar askoa erabiltzearren, homologagarri egiten duelako. (Berria)

Sasoiko une gozoenean da, denboraldi petral askoa egin eta gero. (Berria)