Galdera

 

Autoko giltzak” ala “autoaren giltzak”?


Data: 2017/03/22



Erantzuna

 

Seguruenik, biak dira zuzenak. Erabili ezazu, baina, beti erabili duzun forma.

 

1/ Oso kontu zaila da ebaztea noiz den ‘-ko’ eta noiz ‘-(r)en’ jarri beharreko deklinabide marka bi izen lotzeko erdarazko de preposizioaren ordainean. Tesi luze bat egin daiteke honen kontura.

 

Zenbaitetan, argi egoten dira kontuak:

·         Desberdinak dira herriko plaza edo herriko taberna (herri batean dagoena) eta herriaren plaza edo herriaren taberna (populuari dedikatzen zaiona edo populuarentzako taberna). Desberdinak izan beharko lirateke herriko etxea eta herriaren etxea, baina bereizketa hori ez da beti egiten (EHko herriko etxe izena daukaten alderdi jakin baten elkarte askok herriaren etxe behar lukete izan).

·         Desberdinak dira Bilboko auzoa (Santutxu, Deustu, Begoña…) eta Bilboren auzo (Bilborekin mugakide diren herriak: Zamudio, Arrigorriaga… dira Bilboren auzo).

·         Gernikaren aireko argazkia behar du izan Gernika bera bada gaia, eta ez Gernikako aireko argazkia (Gernikan ateratakoa).

·        

 

Beste batzuetan, ez daukagu argi nola jokatu, batez ere lehen elementua leku baten izena (edo erakunde batena) denean, askok sistematikoki lotzen dutelako NONGO galderarekin, ZEREN galderarekin lotu beharrean:

·         IRALEren Kontsulta Zerbitzua ala IRALEko Kontsulta Zerbitzua?

·         Koruko zuzendaria ala koruaren zuzendaria?

·         Eskolaren eguna ala eskolako eguna?

 

2/ Zer gertatzen da zure adibidearekin?

Beste kasu askotan gertatzen den gauza bera gertatzen da horrekin ere: batzuek autoko giltzak esaten dutela, eta beste batzuek, berriz, autoaren giltzak.

Kontsulta Zerbitzuko arduradunon artean, esaterako, bi formak erabiltzen dira (zeinek berea, jakina). Zuri bezala, autoko giltzak esaten dugunoi arraro samarra egiten zaigu besteena, baina alderantziz ere gertatzen da.

Jo dezagun, baina, prentsako eta literaturako testuetara (horretarako, Ereduzko Prosa Gaur-en sartuko ditugu auto/kotxe eta giltza:


·         Senitartekoak asteartean joan ziren Baionara gorpua identifikatzera; erabakigarriak izan ziren gorpuaren poltsikoan zeuden kotxeko giltzak. (Berria)

·         Gurpilak zulatuta ikusi zituztenean, denbora pixka bat galdu behar izan zuten sakristiara joan eta gizonari Pilarren kotxeko giltzak hartzeko. (Bost ahizpa, Aitor Arana)

·         Autoko giltzak poltsikoan edukitzen zituen, dirua ere bai, eta nik txanpon eskukada bat besterik ez neukan, Lucyren idazmahaiko tiradera batean aurkitutakoa. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster/ itzul.: Aitor Arana)

·         Autoko giltzak hartu eta, gizona borda batean zarratuta utzirik, ostendu egin zen aldi baterako. (Hollywood eta biok, Javi Cillero)

·         Legardek mahai gainean ezarri ditu agiriak, eskutitzak eta Donostiako matrikulako autoaren giltzak. (Hollywood eta biok, Javi Cillero)

·         [Aurreko bi adibideetan, harrigarria bada ere, idazle berak, liburu berean, forma biak erabili ditu!]

·         Aitortzen zituzten erasoetako batzuk ondokoak ziren: ume palestinarrei granadak jaurtitzea, ongi pasatzeko, eta autoen giltzak lapurtzea. (Berria)

·         -Eta? - osaba Vernonek zakar, ate ondoko gako batetik autoaren giltzak hartuta. (Harry Potter eta sorgin harria, J.K. Rowling / itzul.: Iñaki Mendiguren)

·         Bide erdian gelditu dira distira emateko zerbitzuburuari luzatuak dizkion bere autoaren giltzak, BMW markaren uztai batean bilduak. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Koldo Izagirre)

·         Bere jarreragatik batez ere - autoaren giltzak eskutik zintzilik zituela jarraitzen zuelako -, […]. (Gorde nazazu lurpean, Ramon Saizarbitoria)

·         […] bere exekutibo praken eskumako poltsikoan sartzen du eskua, autoaren giltzei eraginez, […]. (Ugerra eta kedarra, Sonia Gonzalez)