Galdera

 

Nola eman euskaraz Matematikako edo Marrazketa Teknikoko ariketatxo hau: “Traza una línea perpendicular a otra línea dada desde el punto P”?


Data: 2017/03/27



Erantzuna

 

Modu batean baino gehiagotan eman daiteke, jakina. Zeuk aukeratu bat.

 

1/ Hona hemen hiru aukera:

a.       Irudika ezazu z1 zuzenaren (zuzen) perpendikularra, P puntutik pasatzen dena.

b.      Irudika ezazu zuzen jakin baten (zuzen) perpendikularra, P puntutik pasatzen dena.

c.       Eman dezagun zuzen bat daukagula, eta zuzen horretatik kanpo dagoen P puntu bat. Irudika ezazu zuzen horren (zuzen) perpendikularra, P puntutik pasatzen dena.

 

 

2/ Oharrak

·         Línea erabili beharrean, zehatzagoa da recta esatea erdaraz eta euskaraz (“zuzena”).

·         Hezkuntzan gorago joan ahala, desagertuz doaz elkarzut eta hiruki (bi adibide ematearren), eta perpendikularra (eta ortogonala) eta triangelu baino ez ditugu esaten euskaraz: hori dela eta idatzi dugu perpendikular (baina elkarzut ere erabili dezakezu, ariketa zein mailatarako den).

·         Trazar euskaratzeko, marratu ere erabili daiteke: “Marratu ezazu…”. Guk, baina, irudikatu dugu nahiago.

·         (Recta) dada esateko, jakin(a) partizipioa erabili ohi dugu. Dena dela, aurretik izena jartzen bazaio (‘r’, ‘z1’…) ez da zertan itzulirik: agerian uzten da zuzen jakin baten gainean ari garela.

·         Desde el punto P”, konturatuko zinenez, ez dugu kalkatu, ez baita oso ortodoxoa erdaraz. Logikoagoa da “Traza una recta perpendicular a otra dada [que pase] por un punto exterior” edo antzeko zerbait.

·         Bestela, “desde… hasta…” espero genuke (eta, jakina, izan liteke beste aukera bat). Orduan, zuzen bat irudikatu beharrean, zuzenki edo segmentu bat irudikatu beharko litzateke. Beraz, hauek izan litezke aurrekoen pareko aukerak:


a.      Irudika ezazu z1 zuzenaren zuzenki perpendikularra, P puntutik z1 zuzeneraino doana.

b.      Irudika ezazu zuzen jakin baten zuzenki perpendikularra, P puntutik zuzeneraino doana.

c.      Eman dezagun zuzen bat daukagula, eta zuzen horretatik kanpo dagoen P puntu bat. Irudika ezazu zuzen horren zuzenki perpendikularra, P puntutik zuzeneraino doana.