Galdera


En común: nola eman euskaraz, komunean ala amankomunean?

 

Data: 2017/03/31



Erantzuna

 

Komunean, amankomunean (biak dira zuzenak), eta beste hainbat modutan.

 

1/ Egia da garai batean ez zela zuzentzat jotzen amankomun hitza, baina gaur egun jasotzen du Hiztegi Batuak, bai eta komun hitzaren sinonimoa dela adierazi ere:

 

amankomun adj. Komuna, guztiek edo gehienek batera dutena, guztiei edo gehienei dagokiena. Amankomunean egingo dute lana.

 

Konturatu zaitez Euskaltzaindiak onartzen duela amankomunean, adibidean ikusi dezakezunez.

 

2/ Hori esanda, hartu kontuan ez dugula zertan erabili ez bata eta ez bestea, zein den testuingurua: edozein hizkuntzatan, dena esan daiteke beste hainbat modutan, dena azaldu daiteke hizkuntza beraren barruko parafrasiak erabilita. Beraz, euskaldun askok eta askok bizi guztia pasatu dute, euskaraz natural-natural hitz egitean, erdarazko en común erabiltzen den testuinguruetan komunean eta amankomunean esan gabe.

 

Hala, esanguratsua da Berriaren estilo-liburuak jasotzen duen aholkua:

Esaldian josteko orduan, ez erabili 'komunean dute' eta gisakorik.

Komunean dute literaturazaletasuna → Biak dira literaturazaleak (Biek partekatzen dute literaturazaletasuna)

Guztiok batzen gaituen komuneko arazo bat dugu → Guztiok batzen gaituen arazo komun bat dugu.

 

Beste testuinguru batzuetan (hainbat eta hainbat adibide eskaini ditzakegu; gure uztakoak dira datozenetako batzuk, eta beste batzuk EHUk argitaratutako itzulpenetatik hartutakoak):

Al final, haremos una puesta en común durante media hora”: (azken ordu erdian,) denon artean aztertuko/eztabaidatuko… dugu gaia / bateratze-saiotxo bat egingo dugu / (bestelako esanahi batekin) jendaurrean aurkeztuko dugu…

Todos los trabajadores de la empresa debemos tener un objetivo en común”: Enpresako langile guztiok helburu berberarekin lan egin behar dugu.

Estas nuevas aproximaciones tienen en común la búsqueda de criterios filosóficos para fundar el juicio estético”: Iritzi estetikoa sortzeko irizpide filosofikoen bilaketa da hurbilketa berri horien ardatz komuna.

Las películas que conforman las sesiones tienen en común su difícil visibilidad”: Saioak osatzen dituzten film guztiek ezaugarri bat dute: oso zailak dira ikusten.

Sus puntos en común y sus diferencias”: Puntu komunak eta aldeak.

Edificio dedicado a la oración en común”: Fededunek batera otoitz egiteko eraikina.

Las empresas asociadas se ponen simplemente de acuerdo para abordar en común un proyecto, normalmente de largo plazo”: Elkarturiko enpresak ados jartzen dira, besterik gabe, proiektu bati –epe luzekoa, gehienetan– batera ekiteko.

Indica qué tienen en común una tarjeta de crédito y el Partenón”: Adierazi ezazu zer ezaugarri komun duten kreditu-txartel batek eta Partenoiak.