Galdera

 

“Evaluación entre pares”: nola eman euskaraz? Zuzenak dira “biren arteko ebaluazioa” edo “binakako ebaluazioa”?


Data: 2017/05/05



Erantzuna

 

Berdinen arteko ebaluazioa

 

1/ Gaztelaniaz “evaluación entre pares” edo “evaluación entre iguales” esaten zaio elkarlana ebaluatzeko taldeko partaide guztiek egiten duten balioespenari; beraz, ikaskideen arteko ebaluazioa da, modu horizontalean egiten dena (ez bertikalean: irakasleak ikaslea ebaluatzea).

 

Sinonimoak dira kasu honetan gaztelaniaz par eta igual adjektiboak. Par delakoaren esanahiak, ebaluazioaren kasuan, ez dauka zerikusirik bikotearekin. Beraz, ez dira egokiak zuk proposatutako “biren arteko ebaluazioa” eta “binakako ebaluazioa”.

 

 

2/ Kontsultan diozu ingelesez ‘P2P’ laburdura-edo erabiltzen dela kontzeptua adierazteko, eta baliteke hor ‘2’ bat ikustean nahastera ekarri izana.

 

Baina ‘P2P’ hori peer-to-peer delakoaren ordez jartzen da (TIKen arloan sortutako kontzeptua ei da: parekoen arteko komunikazioari egiten dio erreferentzia). Fonetika kontu hutsa da: to preposizioa, aldaerak aldaera, eta two (2) zenbakia, berdin ahoskatzen dira: /tu¿/.


Gauza bera gertatzen da esate baterako for preposizioarekin eta four (4) zenbakiarekin, biak berdin(tsu) ahoskatzen baitira: /f¿¿r/. Hala,Kids4Peace’ (baita ‘k4p’) da hainbat gazte eta familia batzen dituen Kids for Peace bakearen aldeko mugimenduaren laburdura.


Beste hizkuntza batzuetan ere egin litezke horrelako jokoak; euskaraz, esaterako, sms-etan, txioetan, WhatsApp-eko mezuetan… ohikoak dira gazteen artean homofonietan oinarritutako laburdura horiek:

·         ‘a2a.’ = abiapuntu

·         ‘euskrz 2zi ny dt’ = euskaraz bizi nahi dut

·         ‘10U’ = amarru