Galdera

 

Entrega de material: curas, tiras de glucosa…: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/05/10



Erantzuna

 

Material-entregatzea: sendaketa-gaiak, glukosa-zerrendak/tirak

 

 

1/ Nola eman material?

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo, eta material hitzaren bigarren adiera hau da (lehenengoa adjektiboari dagokio):


2 iz. Zerbait egiteko behar den gai, tresneria edo baliabideen multzoa. Aterpe handi bat egina izanen da, hor kokatzeko langileen kamioi, auto, tresna eta materiala. Material didaktikoa.


2/ Nola eman entrega?

Aukera bat baino gehiago egon litezke, zein den testuingurua: (zerbait) eskura ematea, libratzea, etxera eramatea/ekartzea

Guk, berriz, aukerarik errazenera jo dugu: entrega/entregatze erabiltzea proposatu dizugu. Eta, gure joerari jarraituz, aditz-izena hobetsi dugu: entrega baino entregatzea dugu nahiago.

Bide batez esanda, jasotzen du aditza Hiztegi Batuak:


entregatu, entrega/entregatu, entregatzen du ad. Heg. Beh. Eman, eskura eman. Pozik entregatuko nuke karga guztia.

 

 3/ Nola eman curas?

Gure ustez, material para curas edo horrelako zerbait litzateke egokiagoa gaztelaniaz.

Cura euskaratu behar bagenu, sendaketa hitza proposatuko genizuke. Beraz, sendaketetan erabiltzen den materiala adierazteko, sendaketa-materiala edo sendaketa-gaiak erabiltzea proposatzen dizugu (kasu honetan, gaiak dugu nahiago, material ez errepikatzearren).

Beste aukera bat, burutik pasatu zaiguna, sendagaiak izan da. Baina baztertu egin dugu,  kontuan hartuta larrialdietako botika-kutxetan egoten diren elementuei egin nahi diezuela erreferentzia (esparatrapua, ur oxigenatua, gaza, antiseptikoren bat, analgesikoren bat…), eta ez botikei berei bakarrik.

 

4/ Nola eman tiras de glucosa

Ez dago arazorik glucosa euskaratzeko, nazioarteko hitza delarik: glukosa (grafia baino ez da egokitu behar).

Tira emateko, zerrenda eta tira bera dira gure ustez aukerarik egokienak. Hiztegi Batuaren arabera:


zerrenda 1 iz. Zati luze eta meharra. Zerrenda nabarrez egina. Oin-eskuak ehun-zerrendaz lotuak. Metro eta erdi luzeko margolana, eta zeru zerrenda mehar bat besterik ez.


Oharra: Tiraren kasuan, Hiztegi Batuak ez du jasotzen gure adieran.

Bada beste aukera bat, gure gustukoa badena (azaldu egiten baitu zertarako diren), baina agian luzeegia irudituko zaizuna:

glukosa neurtzeko tira/zerrenda erreaktiboak