Galdera


Maiatzak 7 eta antzeko formak aposizioetan baino ezin dira erabili. Orduan, zergatik agertzen dira edonon eta horrenbeste?


Data: 2017/05/10



Erantzuna

 

Ez dakigu zergatik. Baina saiatuko gara argibide batzuk ematen.

 

 

1/ Noiz erabili daitezke “maiatzak 7” eta antzeko formak?

Euskaltzaindiak 1995ean erabaki zuen data nola adierazi, 37. arauan. Harrezkero ia 22 urte joan diren arren, badirudi batzuek ez daukatela horren berri, eta barra-barra dabil "maiatzak 7" egitura behar ez duen lekuan.

 

"Maiatzak 7", ondo dakizun moduan, egitura fosildua da ("goseak nago" bezala), eta, beraz, ezinbestean joan behar du zenbakiak NOR kasuan: ezin zaio beste kasu markarik erantsi (otsailak 12an, otsailak 12ko, otsailak 12tik...). Hor egiten dute huts hainbatek eta hainbatek.

 

Hala, "maiatzak 7" bera bakarrik edo aposizioan erabiltzekoa da: 

·         "datorren igandean, maiatzak 7, [...]".

·         Edo kartel batean:

http://www.irale.hezkuntza.net/image/image_gallery?uuid=3d8ffad3-0a08-4d54-9726-365f0f394d78&groupId=55483&t=1487158588075

 

 

2/ Zergatik agertzen dira edonon eta horrenbeste forma ez-zuzenak?

 

Gure ustez, bi arrazoi hauek egon litezke:

 

a.       Esan bezala, nahiz eta araua 1995ekoa izan, jende asko eta asko enteratu ere ez da egin. Uste dugu euskaldun gehienok nahiko esan onekoak garela Euskaltzaindiaren erabakiak aplikatzean, baina horretarako jakin egin behar da zer erabaki duen.


b.      Iruditzen zaigu hiztun asko eta asko erraz liluratzen dela forma bitxiekin: zenbat eta erdaretatik urrunago, erakargarriagoak egiten zaizkie formak. Adibide batzuk ematearren:


·         “maiatzak 7” bezalako esapideak

·         ezezko esaldietan sekulako bokatak: “Nik ez nieke inoiz ulertuko ez nukeen izenik jarriko neure platerei” zuzena baina ulergaitza da; “Nik ez nieke inoiz jarriko neure platerei ulertuko ez nukeen izenik

·         adizki trinko gaur egun oso gutxi erabiliak: damotso (> ematen dio), nekusan (> ikusten nuen)…

·         sasiko sinonimoak, edozein testuingurutan: nire iritzian, nire ustez… orokorrak erabili beharrean (bizkaieraren eta gipuzkeraren eremuetan, behinik behin), ene aburuz bitxia.