Galdera

 

Uda ona pasatzeko opatu nahi diegu ikasleei: zer formula da zuzenena edo egokiena?


“Udara ona pasa dezazuela”

“Udara ona igaro dezazuela opa dizuet”

“Udara ona pasa”


Data: 2017/06/20



Erantzuna

 

Denak dira zuzenak. Baina, agian formalegiak lau urteko umetxoentzat.

 

1/ Ikasturte amaierako txostenetan, formula batekin bukatu nahi duzue umetxoei uda ona igaro dezatela opatzeko. Jakina, hainbat modu aukeratu ditzakezue horrelakoetan. Esaterako, formularioan aipatzen dituzuen hirurak guztiz zuzenak dira gure ustez. Baina, erantzun laburrean adierazi bezala, baliteke formula egokiagoak egotea lau urteko umetxoentzat; argi daukagu “udara ona igaro dezazuela opa dizuet” oso egokia dela gurasoentzat, baina desegokia ikasleentzat.

 

2/ Hiru horietatik bat aukeratzekotan, azkena aukeratuko genuke: laburrena, eta lagunarteko hizkeran erabiliena.

Noraino zaudeten prest ausardiaz jokatzeko, baina, bestelako formula batzuk txertatu ditzakezue txostenean, hizkuntzarekin jolas eginda edo umore apur batekin, adibidez. Zuek neurtu behar duzue ea egokia izan litekeen tonu horretan amaitzea dokumentu ofizial bat, bukaerako agurra dela kontuan hartuta.

Hona beste aukera batzuk (bertsolarien etorria izango bagenu, beste asko ekarriko genizkizueke):

·         Udara ona pasa, Maria Tomasa / Nikolasa.

·         Firin-fan, firin-faran, ongi pasa udaran.

·         Ongi pasa udaran, eta etorri bueltan pozik eta beltzaran. (Ikasleren bat morenotxoa baduzue, ez erabili hau!)

·         Ongi pasa udara, eta irailean pozik eskolara.

·        

 

3/ Dakizunez, guk helduekin egiten dugun lan, eta zoritxarrez abagune gutxi ditugu umoretsu ibiltzeko gure idazkietan. Zuen kasuan bageunde, berriz, ausartak ginateke, eta irudi eta guzti agurtu ikasturtea:

 

ONGI PASA UDARA,

ETA IRAILEAN POZ-POZIK ESKOLARA!!!