Galdera

 

“Zaramaga aldera ere joaten ginean jolastera, partzelak markatuta egon arren BERTAN / HAN etxerik ez zegoenean”: zein da zuzena?


Data: 2017/07/07



Erantzuna

 

Biak

 

1/ Zein da bertan eta han adberbioen arteko aldea?


Funtsean, ez dago alderik: ‘leku hartan’ esan nahi dute.


Baina, zure esaldiaren eta antzekoen testuinguruan, bertanen esanahia hau da: “aipatu dugun lekuan”. Beraz, bertan erabiltzeko, nolabait aipatu behar izan duzu aurretik leku izen bat:


·         Gero Zaraitzura joan ginen; gainbehera latza egin du euskarak bertan.

·         Bederatziak aldera heldu ziren ostatura; bertan afaldu beharrean, kanpora atera ziren.

(Hiztegi Batuaren adibideak dira)


Egizu proba zure adibidean “leku hartan” eta “aipatu berri dudan lekuan” jarrita, eta ikusiko duzu berdin-berdin interpretatzen dela.

 

 

2/ Gehienbat, Hego Euskal Herriko hizkeretan erabiltzen da bertan: Ipar Euskal Herriko hizkeretan, berriz, nahikoa daukate han esatearekin (denborazko adieretan baino ez dute erabiltzen, berehalaren sinonimotzat). Areago: batzuok etxean bertan edo hantxe bertan diogunean, Ipar Euskal Herrikoek etxean berean eta han(txet) berean esaten dute.


Adibide bat ematearren:


Baionan sortu zen eta han bizi, hil arte.


Jakina, Hego Euskal Herriko hiztun askok ere ez lukete arazorik hori esateko, eta berdin interpretatzeko.

 

3/ Hemen/hor/han adberbioek badute zerikusia erakusleekin: hau/hori/hura.


Beraz, hura erakusle arruntaren eta bera erakusle indartu/berretuaren (?) arteko banaketa bera (deklinabide guztia: hark/berak, hari/berari, haren/beraren, harekin/berarekin, hartan/berean/(bertan), hartara/berera/(bertara)…) gertatzen da han eta bertan adberbioekin:


·         Andonik Sabiñori buruz esan zuen hori, igarri baitzuen haren/beraren (Sabiñoren) azpijokoa.

·         Irakasle bikaina zen guretzat Inge, mendian hil zitzaigun kidea. Hark/Berak esan zigun programazioa goitik behera aldatu behar genuela.