Galdera

 

Umeak lo hartu du’ edo ‘umea loak hartu du’: zein da zuzena?


Data: 2017/09/22



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak.

 

1/ Horrelako zalantza bat duzunean, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo behar duzu (Mozilla Firefox nabigatzailean instalatu daitekeen Euskalbar tresna-barran aurkituko duzu). Bertan lo sarrera kontsultatuta, hau ageri zaigu lexietan:


·         loak hartu du ad. Lo hartu. Ik. lokartu. Bitarte hartan loak hartu zuen Jesus. Bere lagunak loak harturik zeuden.

·         lo hartu 1 Lo egoerara igaro. Ik. loak hartu. Lo hartu du. Lo ezin harturik egon naiz gau guztian. Lo hartzen nuen liburua eskuetan nuela.

 2 dio ad. Inurritu. Hankak lo hartu dit.


Beraz, biak erabili daitezke, esanahi berarekin.

 

2/ Badago beste hirugarren aukera bat, aurrekoen esanahi bera duena: lokartu aditza. Baina NOR sailekoa da:

 

umeak lo hartu du = umea loak hartu du = umea lokartu da

 

Hobeto ulertuko duzu hiru aukerok lehen pertsona erabilita:


(nik) lo hartu nuen = (ni) loak hartu ninduen = (ni) lokartu nintzen