Galdera

 

Bihurtu aditza: “Txitoa oilo bihurtu zen” ala “Txitoa oiloa bihurtu zen”?


Data: 2017/09/25



Erantzuna

 

“Txita oilo bihurtu zen”

 

1/ Bihurtu aditzaren gainean, Euskaltzaindiak arau bat argitaratu zuen 1995ean: “Topiko(a) bihurtu”.

Honela dio arauak:

«Perpaus baten barnean bi NOR sintagma agertzen direnean [txita eta oilo, zure adibidean], eta haietako bat bestearen predikatu osagarria denean, bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du predikatu osagarri hori: “ura ardo bihurtu zuten” [Txita oilo bihurtu zen]. Hala ere, sintagma izen soil batek osatu beharrean beste ingurukariz janzten denean, izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, e.a. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan. Kasua, berriz, beti absolutiboa erabiliko da: “emakumerik ederrena bihurtu zen”.»

 

 

2/ Hau da:


·         Eguna gau bihurtu da, baina ez *Eguna gaua bihurtu da

·         Dorre gorak eta jauregiak hauts bihurtu, eta ez *Dorre gorak eta jauregiak hautsa bihurtu

·         Emakumea suge bihurtu zen, baina ez *Emakumea sugea bihurtu zen


Predikatu osagarria izen hutsa ez denean, esan liteke bi aukera onartzen dituela Euskaltzaindiak:


·         Ura ardo bihurtu zuen, baina Ura Errioxako ardo(a) bihurtu zuen

·         Zaratamoko pilotaria izar bihurtu zen, baina Herriko izarra bihurtu zen txapelketa irabazita

·         Txita oilo bihurtu zen, baina Txita hura telebistako oilorik famatuena bihurtu zen

 

3/ Kontuz jende askok erdaratik kalkoa eginda (kalko okerra) erabiltzen duen egitura ez-zuzen batekin, NON kasuan jartzen baitute predikatu osagarria:


·         Ura ardoan bihurtu zuen

·         Txita oiloan bihurtu zen


4/ Dena dela, gogoratu beste aukera batzuk ere baditugula bihurtu aditzaz gain: bilakatu eta egin, nagusiki:


bilakatu, bilaka, bilakatzen da/du ad. Egoera edo itxura batetik beste batera aldatu. (Predikatua, izen hutsa denean, artikulurik eta kasu markarik gabe doa. Izen horrek izenondoak, izenlagunak edo kidekoak hartzen baditu, orduan artikulua darama askotan). Ik. bihurtu. Ene bi begiak bilaka daitezela negarrezko bi iturri. Ura ardo bilakatu zen santuaren ezpainetara zeneko. Hain dira gor eta itsu bilakatuak. Alegiazko Euskal Herria egiazko Euskal Herri bilaka dadin. Ez dira erdal testuak euskal testu bilakatzen k bat gorabehera. Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai. Harri horiek urre bilaka itzazu. Hainbat hoztasun, hainbat nagitasun, asmo haien balioa ezdeus bilakatzen dutenak. Den baino ere gogorragoa bilaka bekit bizia.

egin 5 da ad. Bilakatu, bihurtu. Zergatik Jainkoaren semea egin da gizon? Haren arerio egin naiz. Ur hura, Jesusen esanera, ardo egin zen.

 

 

5/ Erne!: Txito kontsultatu dugu Hiztegi Batuan, eta begira zer jartzen duen sarrera horretan:

txito iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, txito-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. txita].