Galdera

 

“Hainbat gaiez hitz egin genuen”: Zuzena da? ZEREZ edo ZERTAZ?

 

Data: 2017/09/25



Erantzuna

 

“Hainbat gaiez hitz egin genuen”: guztiz zuzena da.

 

1/ ZEREZ eta ZERTAZ kasu bat eta bera dira: instrumentala esaten diote hizkuntzalariek. Beraz, berdin dio zein den galdetzailea, ZEREZ edo ZERTAZ: izenen deklinabideetan kasu-marka berberak izango dira:


Kasua

Mug. sg.

Mug. pl.

Mugagabea

Mug. sg.

Mug. pl.

Mugagabea

NOR/ZER (Absolutiboa)

mahaia

mahaiak

mahai

ardatza

ardatzak

ardatz

NOREN/ZEREN (Genitiboa)

mahaiaren

mahaien

mahairen

ardatzaren

ardatzen

ardatzen

NON (Inesiboa)

mahaian

mahaietan

mahaitan

ardatzean

ardatzetan

ardatzetan

ZEREZ/ZERTAZ (Instrumentala)

mahaiaz

mahaiez

mahaiz

ardatzaz

ardatzez

ardatzez

Taulan, lau aukeratu ditugu (instrumentala da haietako bat), eta bi izen arrunt deklinatu ditugu: lehenengoa bokalez amaitzen da, eta kontsonantez bigarrena.

Hori da araua, Euskaltzaindiak aspaldi ezarria. Arau horren arabera, euskara dialektalean entzuten (eta, tarteka idatzita ere aurkitzen) dituzun (EHko) *mendietaz, (hainbat) *menditaz, *gizonetaz, *gaietaz… eta haien antzekoak ez dira zuzenak euskara batuan; forma horien ordez, (EHko) mendiez, (hainbat) mendiz, gizonez, gaiez… erabili behar dituzu.

ZERTAZ galdetzailean ageri den -TA- hori, dena dela, ageri da instrumentalean, baina kasu berezi batzuetan baino ez: pertsona izenordainekin (nitaz, zutaz, gutaz…) eta erakusleekin (honetaz, horietaz, haietaz…).

 

2/ Zein dira kasu instrumentalaren balioak?


a/ ‘Gaia’ adierazten du aditz hauekin: esan, entzun, hitz egin, idatzi, irakurri, pentsatu…:

Azken egun hauetan, Kataluniako krisiaz hitz egin dute etengabe albistegietan = Kataluniako krisiaren gainean = Kataluniako krisiari buruz


b/ Tresna

Eskuan zuen igitaiaz akabatu zuen sugea = eskuan zuen igitaiarekin


c/ Materiala

Liburu lodiz beteta zegoen apalategia


d/ Hainbat aditzen osagarria: baliatu, jabetu, konturatu, ohartu, oroitu, ahaztu, arduratu…:

Nor bere akatsez konturatzea zailagoa da.


e/ Iraupena

Fidel Castrok zazpi orduz hitz egin zuen Kubako Parlamentuan.


f/ Zenbait postposiziotan: beherago, haratago, gain, geroztik

Ihesi joaten ziren mugaz bestaldera


g/ Esapide batzuetan: etxez etxe, buruz ikasi, pozaren pozez

 

Balio horietan, gure ustez, ZEREZ galdetzailea ‘materiala’ adierazteko erabiltzen da gehienbat, eta tresna adierazteko ere zenbaitetan. ZERI BURUZ edo ZEREN GAINEAN adierazteko, berriz, ZERTAZ erabiltzen da, eta hortik etorri liteke zure zalantza; jakina, beste hainbat esanahirekin ere erabiltzen da ZERTAZ: zer dela eta, nola, zertan… galdetzaileen parekoa ere izan liteke.

 

3/ Mugagabean, instrumentalaren kasu marka ‘-z’ soila da. Baina Euskaltzaindiaren 29. arauak (“Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea”) dioenez, bada salbuespen bat: izenak diptongoz amaitu eta silaba bakarrekoa izan behar du.


·         hainbat gaiez (hainbat gaiz)

·         lau gauez (lau gauz)

·         zenbait deiez (zenbait deiz)

·         jaiez jai (jaiz jai)


Esandako guztiagatik, orain dela egun batzuk entzun eta zer pentsatua eman dizun “Hainbat gaiez hitz egin genuen” esaldia guztiz zuzena da.