Galdera

 

Txorizozko bokata, txorizo-bokata ala txorizoaren bokata? “Zeren bokata?” edo “Zerezko bokata"?


Data: 2017/10/06



Erantzuna

 

Maizago erabiltzen da hitz-elkarketa: txorizo-bokata, intxaur-saltsa, berakatz-zopa, urdaiazpiko-ogitartekoa(marratxoa aukerakoa da)

“Zeren bokata?”; “Bokata, zerena?”

 

 

1/ Beste hainbat konturekin gertatzen den bezala, Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki edo gomendatu auzi honen gainean: literatura tradizioan eta gaur egungo euskaran zer egitura erabili diren ikertzen dihardu, orakulua eman aurretik. Hala, oso esanguratsua da ‘ogitarteko’ sarrerako adibideak erkatzea Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian (1996an argitaratua) eta Euskaltzaindiaren Hiztegian (2012an argitaratua):

·         Euskal Hiztegia: urdaiazpikozko ogitartekoak

·         Euskaltzaindiaren Hiztegia: urdaiazpiko ogitartekoa; ogitarteko bat, urdaiazpikoarena

·          

2/ Dena dela, argi dago tradiziotik heredatu ditugun forma guztiak hitz-elkarketaren bidezkoak direla:

oilo-zopa, ogi-zopa, arrain-zopa, tripaki-zopa, patata-arrautzopila, porrusalda, oilo-salda, arto-irin, baba-zuku, esne-zuku

Oso zalantzazkoak lirateke adibide horiek guztiak, gure ustez, -zko loturarekin eraikiko bagenitu: porruzko salda (??), artozko irina (?), intxaurrezko saltsa (??)…

Beraz, zure adibideetan, zalantza izpirik gabe osatu ditzakezu modu honetan: txorizo-bokata eta platano-jogurta

Egia da, baina, asko zabaldu dela izenak ‘-zko’ atzizkiaren bidez lotzea, batez ere hitz modernoekin  (izozki, jogurt…). Ikusiko dugu zer-nolako arrakasta duen bide horrek, baina, bitartean, hitz-elkarketa hobestea proposatzen dizugu, tradizioari eustearren.

 

 

3/ ‘-ren’ atzizkiaren bidez lotzea ere jatorra da, batez ere osagaia amaieran ematen denean:

·         Mesedez, atera bokata bat, txorizoarena.

·         Zuku bat nahi du, laranjarena.

 

 

4/ Galderari dagokionez, eta esandakoaren arabera:

·         Zerezko bokata?: desegokia.

·         Zeren bokata?: egokia.

·         Nolako bokata?: egokia, baina anbiguoa.

 

 

 

4/ Eskaini dizugu bide seguru bat horrelako sintagmak osatzeko: hitz-elkarketa. Baina, zoritxarrez, ezin da beti erabili. Adibide batzuekin plazaratuko dizugu arazoa, baina beste baterako utzi erantzuna:

·         Barazki-panatxea, baina nola eman euskaraz Parisko jatetxeetan eskaintzen duten panaché de légumes frais delakoa?

(Hitz elkarketa debekatuta daukagu adjektibo edo bestelako izenlagun bat jartzen badiogu elkarketaren lehen osagaiari: barazki fresko panatxe / gure ortuko barazki panatxe)

·         Urdaizpiko-ogitartekoa, baina nola euskaratu bocadillo de jamón de Jabugo?

·         Babarrun-eltzekaria, baina nola euskaratu potaje de alubias blancas?

Esan bezala, horiek eta horrelako beste hainbat, norbaitek kontsulta egingo balu, hurrengo baterako.