Galdera

 

Opa izan aditzaren osagarria: “ondo egon zaitezela” edo “ondo egon zaitezen”?


Data: 2017/10/09



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak. Baina ohikoena ‘-N’ amaiera da.

 

1/ Kontsultan diozu EGLU V (Mendeko Perpausak-I), Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzua eta gure kontsulta zerbitzuko galde-erantzunen datu basea kontsultatu dituzula, eta ez zaizula batere argi geratu opa izan / opatu / opa egin aditzen osagarria, subjuntiboan doanean, zein atzizkirekin doan, ‘-N’ edo ‘-ELA’.

Logikoa da zalantza, neurri handi batean, denetarik topatu baitaiteke tradizioan.

 

2/ Beste kontu bat da bietatik zein hobetsi euskara estandarrerako. Eta, guk dakigula, Euskaltzaindiak ez du inolako orakulurik eman kontu honen gainean: ez dago araurik.


Gramatika guztiek jasotzen dute “nahia edo desioa adierazten duten aditzek (nahi izan, gura izan, opa izan…)” ‘-N’ amaierako subjuntiboko osagarriak hartzen dituztela, bai eta honelako zerbait erantsi ere: “baina inoiz ‘-ELA’ ere agertzen da halakoetan”.


Hori irakurrita, esango genuke euskara estandarrean ‘-N’ amaiera nagusituko dela apurka-apurka aditz horiek erabiltzean. Azken finean, subjuntibozko forma horiek gero eta gutxiago erabiltzen dira, eta perpaus osagarri jokatugabeak izaten dira gehienak: “ondo egotea opa dizut”. Hiztun natural askorentzat, ikasitako zerbait da aditz horiekin subjuntiboa erabiltzearena, eta askotan kontu estatistikoa izaten da “ikastearena”.


Azken finean, banaketa geografikoa da perpaus osagarriek hartzen duten formarena: Ipar Euskal Herriko hizkeretan askoz ere arruntagoa da ‘-N’ amaiera, baita eskatu edo agindu aditzen parekoekin ere (bizkaieraz eta gipuzkeraz, berriz, ‘-ELA’ da derrigorrezkoa aditz horiekin); Hego Euskal Herriko hizkeretan, berriz, bi amaierak aurkitu ditzakezu, oso-oso hurbileko hizkeretan ere. horren erakusgarri, hona hemen, mendebaldeko bizkaierako bi adibide hauek:


·         Laguna Zeanira joan daiten gurot [Laguna Zeanurira joan dadin gura dut]

·         Lagunak Aramaiora joan daitezela gure dot [Lagunak Aramaiora joan daitezela gura dut]

 

3/ Laburbilduz:

·         Biak dira zuzenak, araurik plazaratzen ez den bitartean.

·         Hiztun natural batzuek ‘-N’ amaiera erabiltzen dute, eta ‘-eLA’ beste hiztun batzuek (eta ‘-T(Z)EA’ amaierako perpaus jokatugabea denek).

·         Badirudi ‘-N’ amaiera nagusituko dela, EGLUn eta bestelako gramatiketan salbuespen gisa ematen baitira ‘-eLA’ amaieradunak (nahiz eta Orotariko Euskal Hiztegian gehiago izan adibideak).