Galdera

 

Nola eman euskaraz Informatikako bizi-ziklo hauek: modelo en cascada, modelo espiral, modelo de prototipos, modelo incremental edo ciclo de vida incremental?

 

Data: 2017/10/20



Erantzuna

 

Kontu zaila egin zaigu terminologia kontu hau zehaztea, arlo berrietako terminologia (Informatikakoa, kasu honetan) oraindik erabat estandarizatu gabe dagoelako euskaraz –eta, bide batez esanda, baita beste hizkuntza batzuetan ere–. Esate baterako, gaztelaniaz, ciclo de vida del desarrollo de software horren parean, proceso para el desarrollo de software daukagu, eta antzera gertatzen da beste terminoekin ere.

Zure zalantza argitzeko, EHUko Informatika-Fakultateko kide birengana jo dugu, guk egindako proposamenak aztertu eta balioetsi ditzaten.

 

1/ Modelo en cascada

Turrusta-eredua

Urraskako eredua

Ingelesez, waterfall model aurkitu dugu, eta inguruko hizkuntzek ere horren gainean eraiki dituzte terminoak  (it., modello a cascata; al., Wasserfallmodel). Gurean ere antzera jokatuz gero, turrusta-eredua dugu ordaina.

Bestalde, Euskaltermen en cascada  begiratuz gero, urraskako aurkitu dugu urraskako inpaktore lemapean: ‘urratsez urrats’ esanahiarekin, jakina.  Ordain egokia iruditzen zaigu hori ere.

 

2/ Modelo en espiral

Espiral-eredua  / Kiribil-eredua

Espiralezko eredua  / Kiribilezko eredua

Ingelesez, spiral model daukagu. Euskaraz ere garbi ulertzen dira horren gainean eraikitakoak ere.

 

3/ Modelo de prototipos

Prototipo bidezko garapena edo Prototipatzea

Hona beste hizkuntza batzuetan erabiltzen direnak:

·         ingelesez, software prototyping

·         alemanez, prototyping edo prototipenbau

·         frantsesez, prototipage logiciel

·         portugesez, prototipação

·         italieraz, modello evolutivo

Italierazkoa aparte utzita, beste hizkuntzetan erabiltzen diren neologismoen antzera jokatu dezakegu guk ere.

 

4/ Modelo incremental

Garapen iteratiboa eta inkrementala

Arlo berrietako terminologia zehaztu beharraren premia argi ikusten da beste hizkuntza batzuetan; esate baterako, gaztelaniaz, badira goikoaren pareko beste aukera bi:  desarrollo iterativo y creciente edo desarrollo iterativo e incremental. Bi horiek, gainera, ingelesezko iterative and incremental development terminoaren gainean daude eraikiak.

Euskaraz, Euskaltermen, inkrementala ageri da, industria arloan; iteratibo ere ageri da, informatikan. Ez dugu, beraz, trabarik ikusten euskarazko terminoa ingelesezkoaren gainean eraikitzeko.