Galdera

 

Bocadillo de jamón de Jabugo; tortilla de jamón York; tortilla de chorizo ibérico: nola eman euskaraz?

 

Data: 2017/10/20



Erantzuna


Jabugoko urdaiazpikoaren ogitartekoa

Urdaiazpiko gozoaren tortilla

Txorizo iberikoaren tortilla

 

 

1/ Tradizioz, elkarketara jotzen dugu ogitarteko, tortilla (= arrautzopil) eta haiek bezalako hitzekin: urdaiazpiko-ogitartekoa, txorizo-bokata, patata-tortilla, onddo-nahaskia

 

2/ Ikus dezagun, ordea, zer gertatzen den –bide horretatik joanda– zure jamón de Jabugo horrekin edo –adibidez– revuelto de hongos de temporada esan nahi badugu:

 

Jabugoko urdaiazpiko-ogitartekoa ---> Zein da Jabugokoa? (Ogitartekoa!)

Jabugoko urdaiazpikoaren ogitartekoa ---> Zein da Jabugokoa? (Urdaiazpikoa)

 

Garaiko [onddo-nahaskia] ---> Revuelto de temporada de hongos (???)

[Garaiko onddoen] nahaskia ---> Revuelto de hongos de temporada

 

Tuterako [zainzuri-tortilla] ---> Tortilla de Tudela de espárragos (???)

[Tuterako zainzurien] tortilla ---> Tortilla de espárragos de Tudela

 

 

3/ Hitz-elkarketako lehen osagaiari izenondoa eransten bazaio, elkarketa desegin eta sintagma arrunta osatzea da joera orokorra, zentzuak hala onartzen badu. Halaxe dio Euskaltzaindiaren 25. arauak:


bazkide-zerrenda, baina bazkide berrien zerrenda → *bazkide berri zerrenda

emakume-bilera, baina emakume enpresarien bilera → *emakume enpresari bilera

gazte-aldizkaria, baina gazte abertzaleen aldizkaria → *gazte abertzale aldizkaria

 

Beraz,


Urdaiazpiko egosiaren tortilla (Tortilla, urdaiazpiko egosiarena)

Txorizo iberikoaren tortilla (Tortilla, txorizo iberikoarena)

 

 

4/ Horrelako terminoak euskaratzeko eskatzen digutenean, gure iturri nagusia Euskalterm terminologia bankua izaten da. Kontua da banku horrek biltzen dituela azken urteotan proposatu diren euskal ordain asko eta asko, ondo eraikitakoak batzuk baina beste batzuk batere zuzenak ez direnak ere bai.

Azken urteotan, Kultura Sailak ahalegin handia egin du zenbait arlotan Euskalterm eguneratzeko, eta horrela sortu dira berme handiagoko zenbait hiztegi: Administrazioarekiko auzien hiztegia (2012), Altzarien hiztegia (2009), Arropa-denden hiztegia (2009), Automobilen mantentzearen hiztegia (2012), Bibliotekonomia hiztegia (2016), Bulego-materialen hiztegia (2010), eta beste hainbat eta hainbat. Horietan biltzen diren terminoek http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg etiketa izaten dute: termino normalizatua/gomendatua dela adierazten du.

Hala izanik, gure ohiko gomendioa izaten da etiketa hori duten terminoak beldur gabe erabiltzea. Zoritxarrez, erantzun hau prestatzeko han-hemenka bilatzen ibili, eta Jatetxe, Taberna eta Kafetegien Hiztegia delakoarekin egin genuen topo. ‘Termino normalizatua/gomendatua’ etiketadun hainbat termino aurkitu genituen, zure kontsultarekin zerikusia dutenak, eta uste dugu oso kritikoak izan behar dugula haiekin: ez da beti irizpide bera erabiltzen, eta zenbaitetan ezin onartuzko (gure ustez) egiturak erabiltzen dira:


-REN lotura:

ganba eta baratxuri freskoen tortilla

 

-ZKO lotura:

txerri-solomo freskozko ogitartekoa

barazki freskozko panatxea baratxuri zurizko ozpin-olioarekin

 

Loturarik gabeak (ezin onartuzkoak, gure ustez)

urdaiazpiko egosi ogitartekoa

urdaiazpiko iberiko ogitartekoa