Galdera

 

Ilunbe/Illunbe/Illumbe (toponimia txikikoa): nola idatzi euskaraz?


Data: 2017/10/27



Erantzuna

 

Illunbe

 

1/ Zergatik ez Illumbe?

Erdarazko grafia da <m> idaztea <b> –eta <p>, jakina– aurrean.

Euskaraz, berriz, horrelakoetan <n> idaztea erabaki zen aspaldi, nahiz eta [m] ahoskatu (erdaraz ere, <invierno> idatzi, baina [imbierno] ahoskatzen dugu). Toponimian eta antroponimian, baita kanpoko zenbait izenetan ere (Kolonbia, Kanbodia…); beste batzuetan ez: Gambia, Mozambike…

 

2/ Zergatik ez Ilunbe?

Euskaltzaindiak, leku-izenen eta pertsonen izen-deituren forma normalizatuak zein diren erabakitzeko orduan, kontuan hartzen du zein den tokian tokiko ahoskera, eta ez izen arrunten euskara batuko grafia. Illunbe-ren kasuan, [ll]-z ahoskatzen dugu.

Hala,

·         <Atxa> idazten da Bizkaiko deitura ezaguna, eta ez <Haitza>

·         <Axkorrigan> idazten da Orozko gaineko mendiaren izena, baina <Aizkorri> Zegama gainekoarena eta <Aizkorbe> Nafarroako herriarena.

 

3/ Badu nolabaiteko bermerik <Illunbe>grafiak?

Horrelako zalantza bat dugunetan, guk geuk zuzenean jotzen dugu Euskaltzaindiaren web orrira, eta honela jokatu:

·         Goian eskuinaldean dagoen leihoan bilatu nahi dugun toponimoa edo pertsona-izena, edo deitura idatzi (kasu honetan, ‘illunbe’), euskarazko grafiaduna edo erdarazko izen ofiziala (esaterako, “illumbe”).

·         Erlaitzean, “Izendegietan” aukeratu (eta ez “Artikuluetan”, kontuz!).

 

Egin dezagun esperimentua: leihoan “illun” idatzi, eta ikusi dezagun zer ageri zaigun. Hona emaitzak:

·         Deituretan: Illunbe eta Illundain (egungo idazkera akademikoa)

·         Toponimian: Illunbe eta Illuntzar (bi mendiren euskal era arautuak)

 

4/ Illunbe guztietarako balio du grafia horrek?

Gure ustez, ezagutzen ditugun Illunbe guztietan aplikatu daiteke <Illunbe> grafia, Bizkai-Gipuzkoetakoak baitira gehienbat:

·         Dimako mendia

·         Gorbeialdeko leku bat

·         Donostiako zezen-plaza (Donostia Arena)

·         Arrigorriagako gune bat

·         Gipuzkoako hainbat baserri (Usurbil, Mutriku…)

·         Alcobendaseko jantoki bat / Pasaiako arraun-elkartea…